2017rako aurrekontu sozialak onartu dira Zumaian aurkako bozkarik gabe

2016/12/30

Zumaiarrak ardatz hartzen dituen udal aurrekontuaren kopurua 12.967.039 eurokoa da eta aurrekontu bateratua, hau da, Kirol Patronatuarena gehituta duena, 13.682.917 eurokoa. Udal gobernua pozik azaldu da zuhurtziaz eta erantzukizunez zumaiarren beharrei erantzuna emateko prestatutako aurrekontu sozial horiek lortutako babesarengatik.

Zumaiako Udalak abenduaren 29an egin duen osoko bilkuraren gai nagusia 2017rako aurrekontuena izan da. Bertan, ogasun zinegotziak eta alkateak aurkeztu dituzte datorren urtera begira prestatu dituzten aurrekontu nabarmenki sozialak. Udal Gobernuak bere proiektua gainerako taldeekin batzorde ezberdinetan landu ondoren, oposizioa ados azaldu da aurkeztutako proiektuarekin, beraz, behin betikoan jasota gelditu diren bi emendakin baino ez dituzte aurkeztu. 

Alde batetik, Hitzari ematen zaion diru kopurua igotzea onartu da. Udalak bailarako gainerako herrien ekarpen mailaren arabera kalkulatu du Zumaiak egin beharreko diru-ekarpena, baina oposizioak eskatutakoaren eta udal gobernuak aurreikusitakoaren arteko diferentzia txikia izanik, gobernu taldeak ez du oztoporik jarri. Bestetik, gobernu taldeak sortu duen gazteen emantzipaziorako partida diru gehiagoz hornitu da. Azken hori emendakin transakzional modura onartu da, partida horren diru kopurua areagotzeko EH Bilduk tren turistikoaren edo txu txuaren eta Gabonetako argiztapenaren partidak jaistea eskatzen zuelako. Udal gobernuak aldiz, diru hori argiteriaren mantenutik hartzea proposatu du, beste partidak jaisteak ekintza horien desagerpena ekarriko lukeelako.

Bestalde, gobernu taldeak aurkeztutako proiektuan jada jasota zeuden herritarrek eginiko ekarpenak. Horien artean azpimarragarriena Arranplatik Itzurunerako bidegorri zatia egitearena izan da. Beraz, aurrekontuek, bai oposizioaren eta bai herritarren ekarpenak jasotzen dituela kontuan izanda, kontsentsu zabal bat lortu dutela esan daiteke. Emendakinak aho batez onartu dira eta aurrekontu orokorrek EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko bozkez gain, EH Bilduren 3 aldeko bozka eta 3 abstentzio jaso dituzte. Gobernu taldea oso pozik azaldu da bai egin den lanketarekin, baita lortutako kontsentsuarekin ere.

Legealdi hasieratik lehentasunezkoa izan da udal gobernuarentzat tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea. Konpromiso horri helduz, Udalera sartu orduko Mankomunitatearekin jarri zen harremanetan haien pertsonal baliabideak kudeatu eta gaia eskualde mailan landu ahal izateko. Horiek horrela, ekonomia indarberritzea eta lan aukera berriak sortzea lehentasun hartuta, iaz sortutako 30.000€ko kontu saila aurten 75.000€tara areagotu da onartu berri den aurrekontuan. 

Zumaiarrak izanik gobernuaren eta udal jardunaren lehentasun nagusia, herritarren bizi kalitatea hobetu eta haien ongizatea bermatzea ezinbestekoa da. Hori bermatze aldera, 2017ko aurrekontuetan ongizateari dagokion diru kopurua %11,96koa da; 2016 urtearekin alderatuta, 258.563,36€ igo da.

Aurrekontu berriak Zumaian TAO sistema jartzea ere ahalbidetuko du. Sistema horrekin trafikoa erregulatu eta egoiliarrak lehenesteaz gain, ibilgailuen erabilera murriztu eta zumaiarren artean garraio ohitura osasuntsuak sustatu nahi ditu gobernuak. Eta herriko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko xedez, onartutako aurrekontuak, San Jose auzoko igogailua edo Larretxo auzoko espaloien eraberritzea eta hobetzea jasotzen ditu, besteak beste. Landa auzoak eta baserri bideak garatu eta hobetzeko partida ere jaso da eta  herriko bide publikoak hobetu eta mantentzeko jada iaz handitutako kontu saila mantendu da.

Zumaiar guztien beharretara egokitutako Etorkizuneko Zumaia eraikitzeko bidean, hondakin bilketa sistema mankomunatua martxan jarri ahal izateko Mankomunitatera bideratuko den kontu saila handitu da, horrela, ingurumenarekiko arduratsuagoa izango den herria garatzeko.

Hirigintza arloan ere hainbat inbertsio jasotzen dira, besteak beste, Jadarreko horma berreraikitzea, Axular-P.Etxezarreta bulebarizatzea, Moilaberriko eraikinari erabilera berria emateko azterketa gauzatzea, Hogarreko egokitzapenari jarraipena ematea edota ur horniduren azpiegitura eta saneamendua hobetzea. Udal eraikinei dagokienez, Forondako teilatua konpontzeko eta udaltzaingoko eraikina egokitzeko kontu saila jaso da; baita ere, Itzurun hondartzan kantina eta bertako komunak egokitu eta berritzea eta hilerrian kolunbario berri bat eraikitzeko ere.

Bestalde, aurrekontuak gazteen beharrei erreparatzen die, haien emantzipazio aukerak areagotzeko kontu sail berria sortu baita.

Kirol arloan, 2017ko aurrekontuek kiroldegiko azpiegiturak berritzera bideratutako kontu saila eta Mariantoneko kirol parkean skate park berria eta haur parke estalia egiteko kontu sailak jasotzen ditu.

Zumaiako alkate Oier Kortak adierazi duenez, “gaur Zumaian onartutako aurrekontuak, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea eta herriko irisgarritasuna hobetzea helburu hartuta egindako aurrekontuak dira, zumaiarren bizi kalitatea hobetu eta haien beharretara egokitutako Zumaia eraiki ahal izateko. Halaber, 2017an udal baliabideak era eraginkorrean kudeatzeko tresna izango direla adierazi du alkateak. "Zuhurtziaz egindako aurrekontu hauek  aurrekontu sozialak dira. Noski nahiago genuke hain kutsu sozial handia ez izatea, horrek beharrik ez dagoela esan nahiko lukeelako. Baina ez da Zumaiako egungo errealitatea eta horregatik gure aurrekontuak 2 zutabetan dute bere oinarria; alde batetik, gizarte politiketan, egungo beharrei erantzuna emateko eta bestetik, enplegua eta ekonomiaren sustapenean, etorkizunean gizarte arloko beharrak gutxitzeko” amaitu du Oier Kortak.

Osoko bilkurako ardatz nagusi horrez gain, gaurkoan, EAJ-PNV taldeko Ane Arregi Urbietak zinegotzi kargua hartu du eta PSE-EE taldeak aurkeztu duen elikagai bankuen inguruko proposamena aho batez onartu da.