ABIAN DA 2017KO EMAKUMEAREN EGUNEKO KARTEL LEHIAKETA

2017/01/30

Parte hartzaileek gaurtik otsailaren 21a bitartean aurkeztu ahal izango dituzte haien proposamenak. Kartel irabazlea aurtengo emakumearen asteko egitaraua kaleratzeko erabiliko da.

Zumaiako Udala eta Berdintasun Foroa bete betan daude dagoeneko hilabete moreko egitaraua prestatzen eta bide horretatik, abian jarri dute 16 urtetik gorako zumaiarrei zuzendutako 2017ko Emakumearen Eguneko kartel lehiaketa.

Parte hartzaileek gaurtik otsailaren 21a bitartean aurkeztu ahal izango dituzte Udalean haien proposamenak. Iaz bezala, aurtengo kartelak jaso beharreko testua “Martxoak 8. Emakumearen Nazioarteko Eguna. Zumaia 2017” izango da eta gaia, aldiz, “Zaintza lanak: gizarte osoaren ardura”.

Izan ere, emakumeek, zaintzaile izateagatik bere gain hartzen dituzten kostuak oso handiak izan ohi dira, osasun, bizi kalitate, lan eta garapen profesional, harreman sozial, baliabide ekonomiko eta berezko denboraren ikuspegietatik, alegia. Hori dela eta, Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean, aitorpen berezi bat eskaini nahi die esparru honetan lan egiten duten emakume guztiei.

Partaide bakoitzak gehienez 3 proposamen egin ahal izango ditu DinA3 neurrian (297x420mm) eta irudia, egilearen izenarekin batera, gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko da.

Irabazlea Berdintasun saileko eta Foroko kideek osatutako epaimahai bitartez erabakiko da. Saridunak 200€ko opari txartela jasoko du Zumaiako saltokietan erabiltzeko. Horrez gain, haren proposamena 2017ko Emakumearen Eguneko egitaraua kaleratzeko erabiliko da, beraz, kartel hori, Udalaren esku geratuko da.

Era berean, proposamen guztiak (irabazlea barne) ikusgai jarriko dira Alondegian. Irabazi ez duten kartelak erakusketa amaitu eta 15 eguneko epean jaso beharko dira.

Animatu parte hartzera!