APARKALEKU GUNEAK BEREIZTEKO MARGOKETA LANAK HASI DITU UDALAK

2017/05/16

Sistemaren eta egoiliar txartelaren inguruko xehetasunak hilabete amaieran azalduko dituela adierazi du Udalak, behin dokumentuak behin betiko onespena jasotzean. Halaber, egoiliar txartela eskuratzeko ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea ezinbestekoa dela gogorarazi du eta izapideak lehenbailehen egitea gomendatu die zumaiarrei.

Jada hilabete baino gutxiago falta da uda sasoian alde zaharreko aparkamenduaren egoera erregulatuko duen ordenantza berria indarrean jartzeko eta horren harira, atzo bertan hasi zen Udala aparkaleku guneak bereizteko margotze lanak egiten. Kolore desberdinak erabiliaz egoiliarren guneak, errotazio altukoak eta egonaldi ertainekoak bereiziko ditu Udalak datozen egunotan. 

Era berean, bihar amaituko da ordenantzari alegazioak aurkezteko epea. Behin guztiak landu eta aztertuta, Udalak maiatzaren 25ean egingo duen ohiko osoko bilkuran emango dio behin betiko onespena dokumentuari. Horrenbestez, hilaren azken astetik aurrera zehaztuko du non, nola eta noiz eskuratu ahal izango duten zumaiarrek egoiliar txartela.

Dena den, txartela eskatzeko garaian ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea ezinbestekoa izango dela aurreratu du beste behin Udalak. Horregatik, prozesura arintzearren, beharrezkoa dutenei aldaketa hori lehenbailehen egitea gomendatu die Udalak eta ildo horretatik, izapide horiek guztiak udaletxean bertan edo internet bidez egin daitezkeela gogorarazi du.

Amaitzeko, ekainaren hasieran Zumaiako etxeetara bidaliko den udal aldizkarian, herritarrek aparkamendu sistemaren xehetasun guztiak jaso ahal izango dituztela gaineratu du Udalak.