Aurrera doa Santiago hondartzako proiektua

2017/10/17

Gaur bertan publiko egin da Estatuko Aldizkari Ofizialean eremu hori biziberritzeko obren lizitazioa eta interesdunek azaroaren 15a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Udala pozik azaldu da aurrera pauso honekin aipatu proiektua onuragarria izango delako Zumaia eta zumaiarrentzat.

Urteak egin dituzte zumaiarrek Santiagoko eremua berritzearen zain eta ibilbideak luze jo duen arren, oraingoan badirudi proiektu hori errealitate bilakatzeko urrats bat gertuago dagoela.

Izan ere, aipatu proiektua Estatuko aurrekontuen baitan txertatu eta onartu ostean, dagoeneko argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean eremua egokitu eta biziberritzeko obren esleipena. Horren arabera, interesdunek azaroaren 15a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea eta behin guztiak jasota, abenduaren 21ean zabalduko dira. Eskaintza guztiak aztertu ostean esleituko dira behin betiko lanak.

Santiagoko hondartza eta eremua egokitzeko lanek 1.700.410,14€ko aurrekontua izango dute eta egingo diren lanen artean, egungo aparkaleku parean dagoen sarreran arrapala eta eskailera berriak doitu, zerbitzuen eraikina egin, tunela bitarteko eremuan pasabide bat egokitu edota begiratokitik hondartzara sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dira. Horrez gain, Erdiko Haitzeko berdegunean eserlekuak, edukiontziak, bizikletak uzteko aparkalekuak edota hankak garbitzeko iturriak ere jarriko dira, baita harmailak ere, bertatik ikus daitekeen paisaiaz gozatzeko.

Ildo horretan, Udala oso kontentu azaldu da azken urrats horrekin “obra honek, Aldundiak errepidean egindako lanekin batera, onura garrantzitsuak eragingo dituelako eremuan eta egokitzapen horiek guztiek eragin positiboa izango dutelako Zumaia eta zumaiarrengan ere, bertako segurtasuna eta zerbitzuen kalitatea nabarmen hobetuko baita”, amaitu dute Udaletik.