Azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala: Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

2015/11/24

Ordezkaritza duten hiru alderdiek adostu eta azken plenoan onartu zuten Adierazpen Instituzionala.

Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” gisa, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa….), bai halaber sexismo-modu guztiekiko (bai agerikoenak edo makroenak, zein egunerokotasunean ezikusiak eta normalizatuak dauden eraso mikroak) hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste. Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela. Emakumezkoen eta gizonezkoen artean berdintasuna lortzeko, ezinbestekoa da berdintasun-politikak sustatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.

 

Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egitura patriarkalean oinarritzen da; izan ere, emakumezkoek diskriminazioa jasaten dute euren bizitzetan, gizarteak aukera desberdinak eskaintzen dizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen du. Saiatu behar dugu gizarte bat eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.

 

Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte baten bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren alde pauso errealak emango dituena. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.

 

Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi.

 

Horregatik guztiagatik:

  • Konpromisoa hartzen dugu gure eskuduntzen esparruan politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
  • Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa, Zumaiako Udalak onartutakoa,  indarrean mantentzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Zumaiako Udalak berdintasun unitatea behar adina baliabidez hornitu eta sendotzeko konpromisoa hartzen du, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun errealaren alde gure herrian lan egiteko xedearekin.
  • Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza enplazatzen ditu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partida egokiak xedatzera.  Baita ere, emakumeen aurkako indarkeria eta tratu txarrak desagertarazteko neurriak hartzera, horretarako beharrezko diren baliabide guztiak erabiliz.
  • Herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera, urteko egun guztietan. Baita azaroaren 25a dela eta Zumaian antolatu diren ekitaldietan parte hartzera, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako “Beldur Barik” ekimenean.