BADATOZ SAN PEDRO JAIAK!

2017/06/23

Aurten bi berrikuntza nabarmentzen dira: ekainaren 28an LGTB eguna ospatzeko disko festa berezia eta uztailaren 1ean herriko gaztetxoei zuzendutako apar festa eta Dj-ak Arrangoletan. Udalak eskerrik beroenak eman dizkie herriko talde, elkarte eta eragileei haien lan eta inplikazioagatik. Halaber, iaz egin bezala, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela ere jakinarazi du.

Astebete baino gutxiago falta da Zumaia festa giroan berriro murgiltzeko eta horren harira, aurtengo Sanpedroak ezin hobeak izan daitezen herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean antolatutako ekintza egitarau zabala aurkeztu du Udalak.

Festen programaren baitan adin guztiei zuzendutako ekitaldi, jolas, kontzertu eta ekintzak antolatu ditu, hilaren 28tik hasita uztailaren 2a arte, guztiek goza dezaten herriko festez.

Datorren asteazkenean arratsaldeko 18:00etan emango zaie hasiera festei txupinazoaren hotsarekin eta jarraian, erraldoi eta buru-handiek, Tolosako dultzaineroez lagunduta, herriko kaleak girotuko dituzte kalejiran. 18:45ean, urtero bezala, Sagarbidetik abiatuko da Sanpedroetako danborrada eta 20:00ak inguru amaituko da udaletxe parean herriko banderaren jasotzearekin.

Eta ekainaren 28an LGTB eguna dela aintzat hartuz, aurten lehen aldiz egun hori ospatzeko disko-festa eskainiko da, gaueko 22:00etan Kofradian, Dj Unai Goikolearen eskutik.

Hilaren 29an, San Pedro eguna izanik, goizean goiz hasiko dira Zumaian eguneko lehen ekitaldiak. Noski, 09:00etan diana egingo da Tolosako dultzaineroekin eta 10:45ean alkate soinua, prozesioaz eta meza nagusiaz jarraituta.  Ondoren, egunean zehar, beste hainbat ekintza eta ekitaldi egingo dira, besteak beste: haurrei zuzendutako tailer eta herri kirolak, Musika Bandaren kontzertua, txarangaren kalejira, nesken pilota partidua edota diskoteka Amaia plazan.

23:00etan su artifizialak eskainiko dira Astondoa piroteknia etxearen eskutik eta jarraian, dultzaineroak kalejira egingo dute Arranplatik hasita Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Ondoren dantzaldia egongo da bertan Musika Bandarekin.

Ostiralean, asteburuari hasiera emateko, haurrentzako antzerkia, pilota txapelketa herrikoia eta zirko ikuskizuna egingo dira, besteak beste. Iluntzean, aldiz, gaueko 22:00etan pilota partidu profesionalak jokatuko dira Aitzurin: Laso-Galarza eta Bakakikoa-Etxegoin artekoa lehena eta Olaizola-Albizu eta Urrutikoetxea-Larunbe artekoa bigarrena. Ordu berean, Amaia plazan rock kontzertua egongo da.

Asteburuan murgilduz, larunbatean KAE2 estropada, jota emanaldia, palako pilota txapelketa herrikoia edota txarangaren kalejira egongo dira aukeran. Halaber, aurtengo bigarren berrikuntza gisa, Udalak gaztetxoei arreta berezia eskainiz, haiei zuzendutako festa antolatu du larunbatean, 19:00etatik 22:00etara Arrangoletan. Bertan apar festaz eta Dj emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Gauean, 22:00etan boxeo jaialdia egingo da Lubakin eta Eusebio Gurrutxagan mariatxien kontzertua. Ordu bete beranduago Kofradian Dj 80´s & 90´s. 

Igandean, aldiz, festei amaiera emateko artisau azoka egingo da Beheko plazan 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 ordutegian. 12:00etann KAE1 estropada lehiatuko da eta 18:30ean The Joselontxos txarangak festetako azken kalejira eskainiko du.  

Ekintza egitarau zabal horren harira, Udalak eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten elkarte eta eragile guztiei eta herritar guztiak animatzen ditu ekitaldi zein ekintzetan parte hartu eta festez gozatzera.

Prebentzioa eta segurtasuna ardatz

Halaber, pertsona ororen ongizatea bermatzea izanik Udalaren helburu nagusietako bat, Udalak legealdi hasieratik jarri du azpimarra herritarren segurtasunean. Horretarako, iaz egin bezala, aurten ere, 24 orduz eskainiko du udaltzaingo zerbitzua.