BEHIN BETIKO ONESPENA JASO DUTE 2017KO AURREKONTUEK GAUR EGINDAKO EZ OHIKO OSOKO BILKURAN

2017/02/08

Era berean, bi kreditu aldaketa eta Trafikoko erakundearekin sinatutako lankidetza hitzarmena onartu dira.

Gaur arratsaldeko 18:00etan ez ohiko osoko bilkura egin du Zumaiako Udalak. Eguneko aztergaien artean, behin betiko onespena eman zaie 2017ko aurrekontuei, udal administrari batek jarritako erreklamazioa ukatuz.

Izan ere, berraztertze errekurtsoa aurkeztu zuten 6  udal administrarietatik 5ekin akordio batera iristea lortu zuen azaroan gobernu taldeak eta horri esker, 2012tik administrariek zuten egoera desblokeatzea lortu zuen. Azken administrariak, ordea, erreklamazioa aurkeztu zion 2017ko aurrekontu orokorrari. Hori aztertu ostean eta aurrekontuek legeak ezarritako irizpide eta baldintza guztiak betetzen dituela ikusirik, gaurkoan, alegazioa ukatu egin da eta behin betiko onartu dira 2017ko aurrekontuak.

Era berean, bi kreditu aldaketa ere onartu dira, kultur saileko partiden arteko transferentzia bata eta udal maileguen amortizazioari dagokiona bestea.

Horrez gain, Udalak Trafikoko erakundearekin sinatutako hitzarmenari onespena ere eman zaio. Lankidetza hitzarmen horri esker, zumaiarrek ez dute Trafikora joan beharko ibilgailuaren errolda aldatu behar izateko. Honenbestez, aurrerantzean, egoiliarren txartela eskuratzeko ibilgailuaren errolda aldatu behar dutenek Udalean bertan egin ahal izango dute aldaketa hori.