Bisita gidatu berriak abian Geoparkeko Kostaldea ezagutzeko

2015/07/30

Bi itsas-irteera berriek Zumaia eta Deba arteko ibilbidea egingo dute, eta Debako pantalan berria izango dute abiapuntu edota helmuga. Martxotik ekainera bitartean, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat; iazko epe berdineko datuekin alderatuta % 60 baino gehiago egin du gora.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa osatzera datozen 2 itsas-irteera berri jarri zituen atzo abian. Bisita gidatu berriek itsasontziz egingo dute Deba eta Zumaia arteko ibilbidea, bi zentzuetan, eta bisitariek Debako pantalan berrian ontziratzeko edota lehorreratzeko aukera izango dute.

 

Hain zuzen ere, atzo inauguratu zuten Debako pantalan berria Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak, Ana Oregik, Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziako zuzendariak, Juan Angel Balbasek. Haiekin batera Mutriku eta Zumaiako alkate eta Geoparkeko kideak izan ziren, Jose Angel Lizardi eta Oier Korta, hurrenez hurren.

 

Debako pantalan berriaren inaugurazioarekin batera, atzo jarri ziren martxan bisita gidatu berriak.  Hemendik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsas-irteeretan parte hartzen duten bisitari eta geologia zaleek Deban ontziratzeko eta lehorreratzeko aukera ere izango dute.

 

Flyscheko itsaslabarrak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasunik handiena. Arrakasta gehien duten bisitak itsasontziz egiten direnak dira, Geoparkeko kostaldea deskubrituz. Datu bat, aurten martxotik ekainera bitarte, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat. Aurreko urteko datuekin alderatuz, epe berean, % 60 baino gehiago igo da kopuru hau. Bisitarien joan-etorria handia da Geoparkea osatzen duten hiru herrietan eta honen eragin ekonomikoa eta turistikoa ere handia da.

 

“Deba-Zumaia itsasontzian” eta “Zumaia-Deba itsasontzian” dira aipatu bi irteera berriak. Abiapuntu eta helmuga desberdina duten bisita interpretatuak dira, aukera ezinhobea Geoparkeko bi herri hauek patxadaz ezagutu nahi dituzten bistarientzat.

 

Itzultzeko aukera bikaina dira, halaber, Zumaia eta Deba arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga egin nahi dutenentzat. Bisitak geoparkea.com webgunean erreserbatu daitezke dagoeneko edota Geoparkeko hiru turismo bulegoetan.