BIZIKLETA EGUNA OSPATUKO DU ZUMAIAK LARUNBATEAN

2017/06/13

Hilaren 17an, Bizikleta Egunaren II. edizioa egingo da eta horren harira, besteak beste, txirrindulari probak, mendi bizikleta irteera, cycling saioak eta paella dastaketa antolatu dira herritar guztien gozamenerako. Era berean, Udalak eskerrak eman dizkie antolaketan parte hartu duten herriko eragile guztiei eta zumaiarrak animatu ditu ekintzetan parte hartzera.

Datorren larunbatean, hilak 17, Bizikleta Egunaren II. edizioa ospatuko da Zumaian eta horren harira, Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean, ekintza egitarau zabala antolatu du, herritarren gozamenerako.

Beheko Plaza izango da, egun osoan zehar, ekintza eta irteera guztien abiapuntua. Horiek horrela, goizean goiz hasita, 09:00etan 12 urtetik gorakoek Elorriagara mendi bizikleta irteera egiteko aukera izango dute Sastrakas taldearekin batera. Ildo horretatik, edozein motatako bizikletarekin parte har daitekeela aurreratu dute Sastrakaseko kideek baina haiek erabakiko dute adin, maila eta txirrinduaren arabera, zein ibilbide egokitzen zaion hobeto parte hartzaile bakoitzari. Halaber, txirrindulari guztien segurtasuna bermatze aldera, hainbat gomendio eta baldintza helarazi dituzte:

-          Txirrinduaren oinarrizko mantenua aurrez egitea

-          Gurpilak puztea

-          Frenoak errebisatzea

-          Manilarraren ertzetako tapoiak jarrita izatea eta horrela ez bada botila kortxoak jartzea

-          Kaskoa eramatea (ezinbestekoa) eta hori ondo jartzea

-          Eskularruak eramatea (gomendagarria)

Egitarauarekin aurrera eginez, aurten, berrikuntza gisa, Cycling-eko bi saio eskainiko dira, 09:15etan lehena eta 10:15etan, aldiz, bigarrena. Saio horiek 16 urtetik gorakoentzako izango dira eta izen ematea aurrez egin beharko da kiroldegian.

Halaber, 10:00etatik aurrera ginkana ezberdinak egingo dira eta ordu berean, haurrek (2007-2008an jaiotakoek) Zumaia zeharkatuko dute bizikletan.

11:30etan, parte hartzaile guztiek hamaiketakoa izango dute eta 12:00etan aldiz, Eskola Bideen proiektuaren baitan definitutako bi ikastetxeetara doazen ibilbideak ezagutu ahal izango dituzte haurrek, geltokiak non dauden ikusi eta bidea markatu, hain zuzen. Ondoren, goizeko ekintzekin amaitzeko, 14:00etan, paella dastaketa egonda da.

Horrez gain, bai goizez zein arratsaldez, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00ko ordutegian, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute zumaiarrek.

Bazkal ostea, 16:30etan, txirrindulari frogak ospatuko dira Axular ibiltokian eta 17:30ean, aldiz, ginkana eta era askotariko jokoak egingo dira. Egunari amaiera emateko, 19:30ean bizikleta saltoen ikuskizuna egongo da, hau ere, Beheko plazan.

Ekimen honen bitartez, iaz bezala, Udalak helburu du herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzea, mugikortasun aktibo eta jasangarria indartuz.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie egitarauaren antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta herritarrak animatzen ditu Bizikleta Egun honen bigarren ediziorako antolatutako ekintzetan parte hartzera.