DUELA 80 URTE ZUMAIATIK KANPORATUAK IZAN ZIREN HAUR ETA EMAKUMEAK OMENTZEKO EKITALDIA EGINGO DU IGANDEAN UDALAK

2017/02/09

Omenaldi-ekitaldian parte hartuko dute, gertakarien protagonistez gain, Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Oier Korta Zumaiako alkateak, Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusiak, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Aranzadi Zientzia elkarteko ordezkariak. Halaber, gonbidatuta daude kanporaketak jasan zituzten hamaika udalerrietako ordezkariak ere. Ekitaldia Zuloaga parkean izango da, non, "Oroimenaren gunea" deituriko eremua kokatu den eta kanporatuen omenez egindako burdinazko murala inauguratuko den.

1937ko otsailaren 13a ez du inoiz ahaztuko Zumaiak. Jada 80 urte pasa diren arren, egun hura bizi zutenek atzo gertatu balitz bezala gogoratzen dute neguko goiz euritsu hartan bizitakoa. Izan ere, hura izan zen 252 zumaiar etxeetatik atera eta errukirik gabe, Zumaiatik kanporatuak izan ziren eguna. Zubitxikian bildu eta kamioi eta autobusetan banatuta, ondasun apur batzuk besterik ez zituztela soinean, gogoz kontra atera zituzten guztiak herritik.

Datorren astean  80 urte beteko dira tropa frankistak Zumaian sartu eta herritarrak gogor zigortu eta kanporatu zituztenetik. Horren harira, omenaldi ekitaldia eskainiko zaie datorren igandean.  

Ekitaldia goizeko 12:30ean izango da Zuloaga parkean, non, Oroimenaren gunea deituriko eremu berria kokatu duen Udalak. Bertan, kanporatuak izan ziren guztien omenez egindako burdinazko murala inauguratuko da zeinak, trenbidearen errailak irudikatzen dituen, kanporatuek ihes egiteko erabili zituzten bide haiei erreferentzia eginez.  

Omenaldira gonbidatuta daude kanporatuak izan ziren 58 familietako kideak, baita kanporaketak jasan zituzten hamaika udalerrietako ordezkariak; Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Donostia, Getaria, Lazkao, Mendaro, Mutriku, Zarautz eta Zestoako udal ordezkariak, hain zuzen.  Halaber, bertan izango dira Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Markel Olano, Zumaiako alkatea, Oier Korta, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusia, Maribel Vaquero, Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro eta Aranzadi Zientzia elkarteko ordezkariak.  

Ekitaldian, kanporatuei eskainitako murala inauguratzeaz gain, aurreskua dantzatuko zaie omenaldiko protagonistei eta ondoren hitza hartuko dute Zumaiako alkateak eta Ahaldun Nagusiak. Ekitaldiarekin amaitzeko, Beheko Plaza abesbatzak kanporatuek Zumaia utzi zutenean abestu zuten kantu bera abestuko dute, “Agur Jesusen ama”, alegia.

Oraindik da atzo                                                                                             

Horrez gain, duela 80 urteko gertakari horiek oinarri hartuta, Oraindik da atzo programaren lelopean, astebururako beste hainbat ekintza antolatu ditu Udalak, Erkibe Kultur elkartearekin eta Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldearekin elkarlanean, hala nola antzerkiak edo argazki erakusketa Beheko Plaza tabernan.