EKINTZA EGITARAU ZABALA ZUMAIAN HILABETE MORERAKO

2017/03/03

Martxoaren 7tik 25era bitartean ikus entzunezko lanen aurkezpenak, giza katea, antzerkiak eta laburmetraiak egongo dira, besteak beste. Halaber, zaintza lanen inguruan egindako diagnosiaren emaitzak ere aurkeztuko dira hilaren 14an.

Urtero bezala, aurtengo hilabete morea ekintzez josita egongo da Zumaian. Izan ere, gaur goizean, prentsaurreko bidez aurkeztu du Udalak, martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira Berdintasun Foroarekin eta Zumaiako ikastetxe ezberdinekin elkarlanean antolatutako ekintza egitaraua. Bertan izan dira Berdintasun zinegotzia Cristina Vicente, udal teknikaria Karmele Gomez, Berritzeguneko ordezkaria Edurne Iribar, Berdintasun Foroko kideak, eta Zumaiako ikastetxe ezberdinetako zuzendari, guraso zein ikasleak.

Martxoaren 7tik hasita hilaren 25a bitarte ekintza ugari antolatu dituzte hilabete more honen baitan. Horiek horrela, programari hasiera emateko, datorren asteartean Zumaiako emakumeak kirolean bideoaren aurkezpena egingo da arratsaldeko 18:30ean Oxford aretoan.

Emakumearen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, iaz egin bezala, giza katea egingo da LH5. mailatik gorako ikasleekin. Bertan ikastetxe ezberdinetako 10-18 urte bitarteko ehunka gaztek bat egingo dute hezkidetzaren eta berdintasunaren printzipioak aldarrikatzeko. “Guztion izenean eta guztiok bat eginik hezkidetzan eta berdintasunean oinarritutako gizarte eta herri batean bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu ekintza honen bitartez”, adierazi dute. Halaber, herriari giza katean parte hartzeko gonbitea luzatu diote ikastetxeek: “Elkarrekin, ziur, hobea izango dela” adierazi dute. Goizeko ekitaldiei amaiera emateko, Beheko plazan bilduko dira ikastetxeetako ikasle zein irakasleak, udal ordezkari eta teknikariak, herriko eragile desberdinak eta bertan egon daitezkeen herritarrak. Horrela, 11:45ean egun horretarako prestatutako manifestua eta bertsoak irakurriko dituzte ikastetxeetako neska-mutilek. Egun berean, arratsaldeko 20:00etan elkarretaratzea egongo da Saregileen plazan.

Horrez gain, Udalak herritarren eskura jarriko ditu “Gu ere martxoak 8” banderatxo moreak etxeetako balkoiak apaintzeko. Interesdunek Udaletxean bertan jaso ahal izango ditu.

Martxoaren 9an, berriz, Koadernoa Zuri antzerkia eskainiko da Aita Marin, gaueko 22:00etan. Antzezlanak bizitza zeharo ezberdina izan duten bi ahizpa elkartzen ditu urte askoren ondoren, eta amaren heriotzaren inguruan bien ikuspuntua azalduko digu, norberaren bizimodua oinarri hartuta.

Hilabete morean aurrera eginez, hilaren 14an, Nola zaintzen da Zumaian? zaintza diagnosiaren aurkezpena egingo da 18:30ean Oxford aretoan. Zahartzaroko zaintza lanen diagnosia eginez eta etorkizuneko Zumaian berdintasuneranzko urratsak ematea ardatz hartuta, tokian tokiko errealitatea ezagutzea izan da azterketaren helburu nagusia eta horretarako zaintza lan horiek egituratzen dituzten gizarte-antolaketak sakonki ikertu dira: nork burutzen dituen lanak, baliabide publiko zein pribatuak, diru-laguntzak…

Ekintza horiez gain, hilaren 21ean Mujeres inmigrantes y resistencias bideoaren aurkezpena egingo da Malen etxeak zuzenduta. Martxoaren 23 eta 30ean Zinegoak zikloa eskainiko da 22:00etan Aita Mari zineman, non Bilboko Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen jaialdiko laburmetrai lehiaketako irabazleak proiektatuko diren.  Eta egitarauarekin amaitzeko, hilaren 25ean, ALU ALU antzerki foroa izango da Zumaiako Gaztegunean, Arremanitz elkarteak dinamizatuta.