Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Zumaiak

2017/11/13

Azaroaren 25aren harira ekintza ugari antolatu dituzte Udalak eta Berdintasun Foroak, hala nola tailerrak, mahai-ingurua, erakusketa, hitzaldiak edota antzezlan zein dokumentalen proiekzioa. Horrez gain, 25ean bertan elkarretaratzea egingo da 13:00etan Saregileen plazan.

Azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira, ekintza ugari antolatu dituzte Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean.

Esate baterako, programazioari hasiera emateko Marienea Emakume Etxeak utzitako “Indarkeria matxista: ZUTIK EMAKUMEOK!” erakusketa zabaldu zen joan den asteazkenean Oxford aretoan eta hori ikusgai egongo da hilaren 26a arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Halaber, hilaren 14an, asteartean, Emakundek ekoiztutako “Volar” dokumentala eskainiko da, Oxforden ere, arratsaldeko 18:30ean.

Azaroan aurrera eginez gero, hilaren 22, 23 eta 24an Berdintasunerako Gunea deituriko espazioa atonduko da Eusebio Gurrutxaga plazan eta bertan hainbat ekintza eramango dira aurrera. Esate baterako, hilaren 22an, Donostiako eta Eibarko Emakumeen Etxeetako kideak izango dira “Zumaiako emakumeen etxea eraikitzen” izeneko mahai-inguruko gonbidatu gisa arratsaldeko 18:30ean. 23an, aldiz, Aholkusex zerbitzuaren gidaritzapean tailer bat egingo da.  “Nolako bikote harremanak sortzen ditugu? izango da saioaren ardatza eta horren baitan “Si de verdad quieres” filma jarri eta honen inguruko solasaldia egingo da arratsaldeko 18:00etan.

Azaroaren 24erako bi ekintza daude aurreikusita: Istanbuleko hitzarmenaren inguruko hitzaldia lehena eta Frida antzezlanaren saioa bigarrena. Hitzaldiari dagokionez, gazteleraz eskainiko da arratsaldeko 18:30ean, esan bezala, Eusebio Gurrutxagako Berdintasunaren Gunean eta antzezlana, aldiz, gaueko 22:00etan izango da, gaztelaniaz ere, Aita Marin.

Halaber, hiru egun horietan zehar, goizez, 09:00-13:00 bitartean, tailerrak egingo dira aipatu gunean Zumaiako ikastetxeetako eta Soldadura eskolako ikasleekin. Gai ardatza: “Jaietan ere, nire erabakiarekin aurrera beti!” izango da.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean alegia, elkarretaratzea deitu dute Udalak eta Berdintasun Foroak, Saregileen plazan, eguerdiko 13:00etan eta herritar oro animatzen dute bertan parte hartzera.

Ildo beretik, Zarautz, Getaria, Aia, Orio eta Zumaiako ikastetxeek hainbat ekintza eramango dituzte aurrera egunean zehar, guztiak “tratu onekin dantzan” lelopean.