Euskal Kosta Krosaren lehen edizioa guztiz arrakastatsua izan da

2017/10/03

Lasterketaren parte-hartze altua eta goizeko arraun estropadak izandako arrakasta nabarmendu ditu, besteak beste, Udalak. Halaber, eskerrak eman dizkie parte-hartzaile, babesle, laguntzaile eta boluntario guztiei egindako lan, esfortzu eta ekarpenagatik.

Giro ona nonahi bizi ahal izan zen joan den larunbatean Zumaian Euskal Kosta Krosaren lehen edizioaren ospakizunaren harira eta goizean goizetik hasita, lehia bizi eta sanoa nabari zen herriko kaleetan zehar.

Guztira 500 korrikalari inguru bildu ziren lasterketan parte hartzeko eta eguraldia lagun izan ez bazen ere, goizeko arraun estropadaren zein krosaren arrakasta eta parte-hartze altua nabarmendu eta eskertu ditu gaur Zumaiako Udalak.

“Parte-hartzaileen zein babesle, boluntario eta laguntzaileen erantzuna oso ona izan da, beraz, oso kontentu gaude jasotako emaitzekin”. Ildo horretan, eskerrak eman dizkie guztiei, “haien lan, esfortzu eta ekarpenik gabe ez bailitzake posible izango Euskal Kosta Krosaren lehen edizio hau ospatzea”, adierazi dute Udaletik.

Lasterketa ibiltaria denez, datorren urtean Zarautzi dagokio antolakuntza eta anfitrioi lanak egitea eta ildo horretan, “aurtengo krosak, lasterketa ezagutzera emateko balio izana espero dugu, baita, datorren urtera begira oraindik jende gehiago erakartzeko ere”, amaitu dute Udaletik.

 Hona hemen lasterketaren laburpen bideoa.