GAZTEEI ZUZENDUTAKO PREBENTZIO PROGRAMA IBILTARIA EGINGO DU UDALAK SAN TELMO FESTETAN

2017/04/19

Jai giroan gazte eta nerabeen alkoholaren kontsumoa murrizte aldera, kontsumo horrek sor ditzakeen arriskuen inguruan informatu eta kontzientziatzea da programaren helburu nagusia. Halaber, prebentzio eta segurtasuna ardatz hartuta, aurten ere 24 orduz eskainiko du Udaltzaingo zerbitzua eta Ez, ezetz da lelopean indarkeria sexistaren aurkako pegatinak ere banatuko ditu.

Jada gainean ditugu San Telmo festak. Bi egun barru Zumaia festa giroan murgilduko da eta jai egun horien harira, aurten lehen aldiz egingo den Botiltzarra prebentzio programa ibiltariaren berri eman du Udalak gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

“Jakina dugu festetan alkohol kontsumoak nabarmen egiten duela gora, bereziki gazte eta nerabeen artean. Hori aintzat hartuz eta kontuan izanik, gainera, inguruetako gazte ugari ere etortzen direla gure herriko festez gozatzera, egokia ikusi dugu haien artean alkoholaren inguruko informazioa zabaldu eta kontsumoak sor ditzakeen arriskuen berri ematea”, aipatu du Jon Iraolak, kultura eta festa zinegotziak.

Botiltzarra programa, beraz, bereziki gazteei zuzenduta dago eta jai giroan alkoholaren kontsumoa eta kontsumo horrek sor ditzakeen arriskuak murriztea du jomuga nagusia. Prebentzioaz haratago, kontzientziazio kanpainen bidez hausnarketarako bideak ere jorratzen ditu, baita bizikidetzakoak ere, alkohola edateak eragin ditzakeen liskarrak gutxitzeko. Halaber, programa horrek alkoholaren kontsumorako erabilgarriak diren arrisku murrizketa neurriak zabaldu edo kontsumotik kanpo dauden bestelako aisialdi aukerak ere sustatzen ditu.

Ildo horretatik, bi aste atzera, herriko guraso talde batekin bildu zen Udala programa horren berri emateko. “Festen atarian, alkohol kontsumoaren gaia gurasoen kezka iturri nagusia izan ohi da” azaldu du Iraolak”. Botiltzarra programa, “gazteen artean prebentzioa eta ardura indartzeko ez ezik, gurasoen kezka horri erantzuna emateko bide egokia iruditu zaigu”, gaineratu du.

Botiltzarra programa Ai Laket! elkartearen eskutik eskainiko du Udalak apirilaren 22 eta 29an. Elkarte kideak, taldetan banatuta herriko puntu ezberdinetan kokatuko dira alkoholaren inguruko informazioa eta materiala banatzeko. Horrela, esku-orriak ematez gain, ura, jana edo zabor poltsak banatuko dituzte.  

Prebentzioa eta segurtasuna ardatz

Halaber, zumaiar ororen ongizatea bermatzea izanik Udalaren helburu nagusietako bat, udal gobernuak legealdi hasieratik jarri du azpimarra herritarren segurtasunean. Horretarako, festei dagokionez, iaz egin bezala, aurten ere, 24 orduz eskainiko du udaltzaingo zerbitzua apirilaren 21, 22 eta 23an eta baita jaien bigarren asteburuan ere, 28, 29 eta 30ean, alegia. 

Era berean, indarkeria sexistaren aurkako sentsibilizazio lana ere egingo duela adierazi du. Horretarako, Ez, ezetz da lelopean pegatinak banatuko ditu eta herriko tabernetan lelo bereko kartelak jarriko dira. Pegatinekin batera, puntu lila duten txapak ere eskuragarri izango dira Udalean, zein herriko saltoki edo tabernetan.

Urte osoan prebentzioa landuz

Gaur egun Zumaiako Udalak osatuta du prebentzio mahaia, non, haur eta gazteekin harremana duten herriko eragileek hartzen duten parte (eskolak, osasun zerbitzua, Udaleko sail desberdinak…). Mahaiak helburu du, besteak beste, herri mailan prebentzio arloa indartzea, herritar, erakunde eta elkarte adituekin elkarlana sustatzea edota prebentzio arloan landu daitezkeen gaiak aztertu, baloratu eta proposatzea. Mahaia irekia da eta herritar ororentzat dago zabalik.

Horrez gain, haur eta nerabeei dagokionez, Udalak urte ugari daramatza Guraso Eskola antolatzen non, urtero, kontsumoaren gaia jorratzen den. Era berean, Udaleko sail desberdinetatik zerbitzu eta programa anitzak eskaintzen dira haiei zuzenduta, hala nola, Ludoteka edo familiei zuzendutako esku-hartze programak.

Gainera, Udalak, herriko eskolekin elkarlanean, kontsumoetatik babesteko neurriak indartzeko eta ohitura eta jarrera osasuntsuak bultzatzeko programa desberdinak ere lantzen ditu eskoletan LH5etik DBH4raino.  Eta Gaztegunean ere 12-17 urte bitarteko nerabeekin prebentzio lana egiten da urte osoan zehar, 6 ikasturtez jarraian, kontsumoarekin zer ikusia duten gaiak landuz.