GURE ARBASO ETA SENIDEEN BILA URRATSAK EMANEZ

2017/06/20

Oraingoan, Euskadin desagertutako pertsonen eta desagertuen senideen DNA jasotzeko Gogora Institutuak zuzentzen duen proiektura atxiki da Zumaia. Proiektu horrek helburu du Gerra Zibilean senideren bat galdu zuten pertsonen DNA lagina biltzea hobietatik ateratako gorpuzkinenekin alderatu eta horien identifikazioa errazteko.

Zumaiak etengabeko urratsak ematen jarraitzen du Gerra Zibilean zehar desagertuak izan ziren herritarrak, gure senide eta arbasoak, hain zuzen, bilatu, identifikatu, duindu eta bereziki behar bezala aitortzeko.

Garai hartan bizitako gertakari eta bizipenei ahotsa emateko Zumaiako Memoria Historikoaren lanketan dihardu Udalak eta oraingo honetan, Euskadin desagertutako pertsonen eta desagertuen senideen DNA jasotzeko Gogora Institutuak, Biomics laborategiarekin elkarlanean zuzentzen duen proiektura atxiki da.

Proiektu horren baitan Gerra Zibilean zehar senideren bat galdu zuten pertsonen DNA jasotzen da, ondoren, lagin hori orain zein etorkizunean hobietatik ateratako gorpuzkinenekin alderatzeko, haien identifikazioa errazteko helburuz.

Horiek horrela, Zumaian bost lagun izan dira DNA lagina eman dutenak:

-          Antonio Laskibar Aizpurua

  • Gudaria: Joakin Laskibar Aizpurua, Itxarkundia batailoikoa

-          Nelson Fernandez de Arroyabe

  • Gudaria: Carmelo Eduardo Fernandez de Arroyabe, Amaiur batailoikoa

-          Joseba Etxabe Mitxelena

  • Gudaria: Pedro Jose Etxabe Mitxelena, Itxarkundia bataloikoa

-          Jose Andres Uria Linazasoro

  • Gudaria: Tomas Uria Iparragirre, Amaiur batailoikoa

-          Xabier Albizu Irigoien (Uxua Albizu)

  • Gudaria: Josu Albizu Aizpurua, Amaiur batailoikoa

 “Gure senideek pairatutakoan pentsatzeak atsekabetzen bagaitu ere, benetan poztekoa da nola gaur egun, zientziaren aurrerabideek aspaldi galdutzat eman genituen herritarrak berreskuratzea ahalbidetzen diguten, horiei esker gure senide eta arbasoak omendu eta duindu baititzakegu, merezitako atsedena emanez”, adierazi dute Udaletik.   

Omendu eta duintzeko bideari jarraiki, joan den larunbatean hobi komun batean lurperatuak zeuden 82 gudari omendu dira Gernikan. Horietatik 4 zumaiarrak ziren, hain zuzen goian izendatutako Carmelo Eduardo Fernandez de Arroyabide, Pedro Jose Etxabe Mitxelena, Tomas Uria Iparragirre eta Josu Albizu Iparragirre. Ekitaldian egon zen Zumaiako alkatea, Oier Korta.

Zer egin behar dut nire DNA emateko?

DNA desagertuen zuzeneko senideei jasoko zaie, seme-alaba, anai-arreba, gizonezko iloba edo gizonezko bilobei, hain zuzen. Horretarako, noski, beharrezkoa izango da ahaidetasuna frogatzen duen dokumentazioa aurkeztea, hala nola familia-liburua edo jaiotza-agiria.

Dokumentazio horrekin, DNA lagina eman nahi duen orok Gogora Institutuarekin jarri beharko du harremanetan 94 403 28 26 telefonoan edo gogora.idazkaritza2@euskadi.eus helbide elektronikoan. 

Behin aurrez aipatutako dokumentazio hori jaso ostean, Institutuak pertsona hori UPV/EHUko Biomics taldeko langileekin jarriko du harremanetan. Taldekideek norberaren etxean, Gogora Institutuan edo Unibertsitateko laborategietan jasoko du DNA lagina eta hori Biomic-eko laborategian gordeko da. Laginetik ateratako informazioa, ordea, Gogora Institutuak kudeatuko du.

Prozedura honen bitartez, hobietatik ateratako gorpuzkinen DNA Gogora Institutuko DNA bankuko pertsonaren batekin bat badator, Institutua zuzenean jarriko da harremanetan lagun horrekin.