HEMEN DITUGU SAN TELMOAK!

2017/04/07

Txarangak, kalejirak, haurrentzako jolasak, pilota partidu profesionalak edo Urrezko Aizkora lehiaketa dira, besteak beste, herritar ororen gozamenerako antolatutako ekintzetako batzuk. Udalak eskerrik beroenak eman nahi dizkie herriko talde, elkarte eta eragileei haien lan eta inplikazioagatik. Halaber, iaz egin bezala, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela jakinarazi du.

Jada hasiak gara San Telmoak iristeko egunak zenbatzen eta jaien bezpera honetan, Zumaiako Udalak, ekintzez jositako egitaraua aurkeztu du, aurtengo festak ere ezin hobeak izan daitezen.

Hilaren 21etik 30era bitartean jai giroan murgilduko gara guztiok: bertso saioak, kontzertuak, kalejirak, txarangak, haurrentzako jolasak, herri bazkaria… eta nola ez, ohiko zaldi lasterketa, olagarro-zopa dastaketa eta traineru txikien estropadak ere izango dira aukeran. Eta aurten gainera, Urrezko Aizkora lehiaketa berreskuratzeaz gain, esku pilota partidu profesionalez gozatzeko aukera ere izango dugu Aitzuri pilotalekuan.

Ekintza egitarauaren harira, Udalak eskerrik beroenak eman dizkie festen antolakuntzan parte hartu duten herriko talde, eragile eta elkarte guztiei haien esfortzuagatik, guztien lana ezinbestekoa izan baita ilusioz beteriko egitaraua prestatu eta aurrera ateratzeko.

Bestalde, herritarren segurtasun eta ongizatea lehenetsi eta bermatze aldera, iaz egin bezala, aurten ere, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela jakinarazi du Udalak, zehazki hilaren 21, 22 eta 23an eta baita jaien bigarren asteburuan ere, hau da, 28, 29 eta 30ean.

Amaitzeko, Udalak jai egun alai, bizi eta zoriontsuak izatea opa die herritarrei, ekintzez gozatu eta San Telmoak elkarrekin giro onean disfrutatzeko.