HERRIKO APARKAMENDUA ANTOLATZEKO BILERA IREKIAK EGITEN JARRAITUKO DU UDAL GOBERNUAK

2017/01/12

Datorren astean 3 bilera egingo ditu herritarrekin eta beste bana ostalari eta merkatariekin aparkalekuaren egoera hobetzeko landutako proposamena partekatu eta haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko.

Gobernu taldea udalera sartu orduko hasi zen lanean herriko aparkamenduaren egoera antolatu eta hobetzeko. Hori lortze aldera, aurtengo udan aparkamendua arautzeko asmoa azaldu du behin eta berriz. Neurri horrek helburu du urte osoan zehar eta bereziki uda sasoian herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna erraztea eta egungo aparkamenduaren antolamendua zuzentzea, betiere, auzo bakoitzeko egoiliarrak lehenetsiz.

Aipatutako proposamenak zumaiarren egunerokotasunean eragin zuzena izango duela aintzat hartuta, udal gobernuak ezinbestekotzat jo du uneoro, herritarren behar, iritzi eta ekarpenak entzun eta jasotzea, guztien artean elkarlanean egungo egoerari irtenbide egokiena emateko. Horiek horrela, iaz hainbat bilera egin zituen, besteak beste, Ardantzabide, Larretxo eta Hondar Gain auzoetako bizilagunekin, baita erdiguneko beste hainbat herritarrekin ere.  

Bide horretatik, datorren astean 3 bilera ireki antolatu ditu gobernu taldeak herritarrekin eta beste bana ostalari zein merkatariekin. Bertan, guztien behar eta proposamenak jasotzeaz gain, aparkamendua arautzeko gobernuak landutako proposamenaren berri emango zaie.

Bilerak

Lehenik eta behin, asteartean, hilak 17, Amaia Plaza, Angeles Sorazu, Arritokieta, Arroa, Bonifacio Etxegarai, Erribera, Eusebio Gurrutxaga plaza, Foruen Enparantza, Mari, Martinez Kleisser, Nagusi kalea (2,4,6,8,10,12,14), Odieta, Olazabal Idazkaria, San Jose, San Pedro eta Txomin Agirre kaiako bizilagunekin bilduko da. Bilera 19:00etan egingo du Alondegiako Oxford aretoan.

Bestalde, hilaren 18an, asteazkenean, herriko ostalariekin bilduko da Alondegian goizeko 09:00etan eta eguerdiko 14:30ean, aldiz, merkatariekin, haien iritzi zein proposamenak ere ezagutu ahal izateko. Egun berean, arratsaldeko 19:00etan Narrondo, Oikia, San Miguel eta inguruko baserrietako bizilagunen txanda izango da.

Amaitzeko, ostegunean, hilak 19, Aita Mari, Alai, Basadi, Jadarre eta Estazioko auzokideekin eta Aitzuri, Axular-Ortiz, Izaga, Izustarri, Sagarbide eta Victoriano Arrate etorbideko bizilagunekin bilduko da, arratsaldeko 19:00etan, Aita Mari aretoan.

Era berean, bilera horietan jasotako proposamen eta iradokizun guztiak kontuan izango ditu udal gobernuak Zumaiako Mugikortasun Plan berria garatzeko garaian. Plan horren helburua da uda sasoian ez ezik, urtean zehar, herriaren eta herritarren mugikortasun eta irisgarritasun beharrei erantzuna ematea eta guztiei egokitutako Zumaia eraikitzea.