HERRIKO APARKAMENDUA ANTOLATZEKO ORDENANTZAREN NONDIK NORAKOAK AZALDU DITU UDALAK

2017/03/21
Sistema berria indarrean noiz eta non jarriko den azaltzeaz gain, aparkatzeko bereizi diren guneak eta horien funtzionamendua zein izango den argitu ditu. Halaber, ordenantzaren helburu nagusia herriko mugikortasuna erraztu eta hobetzea dela adierazi du Udalak, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenetsiz.

Atzo arratsaldean bilera irekia egin zuen Udalak herritarrekin Alondegian trafiko ordenantzaren nondik norakoak azaldu eta horren inguruko zalantzak argitzeko. Aipatutako ordenantzak ostegunean jaso zuen behin-behineko onespena eta gaiak herria eta herritarrentzat duen garrantzia aintzat hartuz eta zumaiarren egunerokotasunean eragin zuzena duela jakinik ezinbestekoa iruditu zaio Udalari onartu berri den dokumentuaren xehetasunak herritarrekin partekatzea eta horren inguruan izan ditzaketen zalantza guztiak argitzea.

Horiek horrela, sistema berria indarrean noiz eta non jarriko den azaltzeaz gain, erdigunean aparkatzeko bereizi diren guneak eta horien funtzionamendua zein izango den argitu ditu, besteak beste.

Herritarrei zalantza edo kezka gehien sortu dizkien gaiak, ordea, egoiliar txartelarena edo erdigunea arautzeak Poligonoan eragin ditzakeen ondorioena izan dira. Egoiliar txartelari dagokionez, ostegunean egindako ez ohiko osoko bilkuran, aurrera atera zen, PSE-EEk txartela doakoa izateko aurkeztutako proposamena alderdi sozialistaren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Udal gobernua, aldiz, abstenitu egin zen, Ardantzabideko bizilagunek txartela jada ordaindu dutela ikusirik, gainerako herritarrei zerbitzu bera doan eskaintzea zilegi ez dela argudiatuz.   Horren harira, emendakinak sortutako egoera berria aztertzen ari direla adierazi du alkateak eta ordenantza behin-betiko onartu aurretik, GAOn argitaratu ahala dokumentuari alegazioak aurkezteko epea zabalduko dela ere gogorarazi die herritarrei.

Halaber, lasaitasuna helarazi nahi izan die Poligonoko bizilagunei eta erdigunea arautzeak bertako trafikoa areagotu dezakeela  jakinik gorakada hori ekiditeko neurriak hartuko direla iragarri du. Horretarako kanpotik datozen ibilgailuak desbideratzeko pertsonala jarriko du Udalak bertako 3 sarrera nagusietan. Horrez gain doako txartel identifikagarri bat emango die Udalak bertakoei sarbidea eta bidegurutzetan egongo diren arduradunen lana errazteko.

Amaitzeko, aparkamendua antolatzeaz gain, ordenantzaren helburua herriko mugikortasuna erraztu eta hobetzea dela adierazi du alkateak. Bide horretatik, herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitu eta zumaiarren artean mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatzea da Udalaren nahi eta jomuga nagusia, betiere, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenetsiz.

Ordenantzaren ezaugarri nagusiak ikusgai HEMEN

Ordenantza osoa ikusgai HEMEN

Alondegian egindako bilera irekia