HERRIKO MERKATARITZA ETA OSTALARITZA ESTABLEZIMENDUEI ZUZENDUTAKO SENTSIBILIZAZIO KANPAINA EGINGO DA DATORREN ASTEAN

2017/01/19

Aipatutako kanpainak helburu du errefusaren kudeaketa egokiak duen garrantziaz informatu eta kontzientzia hartzea honen ekoizpen maila murriztu ahal izateko

Zumaiako Udalak, Ferrovial Servicios enpresarekin elkarlanean, herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina pertsonalizatua antolatu du datorren asterako.

Merkatari eta ostalariei errefusa egoki kudeatzeak duen garrantziaz informatzea da kanpaina horren helburu nagusia, horrela, gaur egun denda zein tabernek sortzen duten errefus kopurua murriztu ahal izateko.

Horiek horrela, parte hartu nahi duten saltokietako arduradunek http://zumaia.info-citi.es/ webgunean edo a.gorraiz@ferrovial.com helbide elektroniko bitartez izena eman ahal izango dute urtarrilaren 23a bitartean.

Ondoren, aipatutako enpresa establezimendu parte hartzaileekin harremanetan jarriko da bisita pertsonalizatu bat antolatzeko.  Honenbestez, urtarrilaren 23tik 27ra bitartean, Ferrovial Servicios enpresako teknikaria sentsibilizazio kanpainan izena eman duten saltoki zein tabernetara joango da, esan bezala, errefusa egoki kudeatzeak duen garrantziaz informatzera eta bide batez, baita hondakin mota hori sortzeak eragiten dituzten arazoen berri ematera. Halaber, haien zalantzak argituko ditu eta horrez gain, errefus mota nagusienen zerrenda jasotzen duen txostena emango die etorkizunean hondakin horiek nola kudeatu eta nora bideratu jakin dezaten.