HONDAKIN MAHAIAN AURKEZTU DA BAILARA MAILAN SINATUTAKO ZABOR BILKETA ZERBITZU MANKOMUNATUA

2017/01/26

Udalera sartu orduko gobernu taldea gogor aritu da lanean bailara mailan hondakinak biltzeko sistema berri eta bateratu bat bultzatzeko. Gaia bailara mailan landu izateak eta udalerri guztiek sistema bateratua partekatzeak baliabideak optimizatu eta zerbitzua are eraginkorragoa egingo duela adierazi du Udalak.

Asteartean egin zen Zumaiako Udalean Hondakin Mahaiaren bilera udal gobernuko, Natur Taldeko, Zero Zaborreko, Atez atekorik ez plataformako eta oposizio taldeko ordezkariekin.

 

Bertan Zumaiak eta bailarako gainerako 4 udalerriek Urola Kostako Mankomunitatean sinatu berri duten zabor bilketa zerbitzu mankomunatuaren berri eman zitzaien mahai-kideei eta guztiek begi onez ikusi zuten aipatutako akordioa.

 

Jakina da orokorrean, zaborren eta hondakin sistemaren gaiak oihartzun handia izan duela azken urteotan. Zumaiaren kasuan esaterako, 2013ko maiatzaren 13an Hondakin mahaiko kideek sistema berri bat ezartzeko akordioa sinatu zuten garai hartan jarri nahi zen atez atekoaren alternatiba gisa. Aipatutako hitzarmena, ordea, geldirik egon da azken urteotan eta ondorioz, ez da aurrera eraman.

 

Gaiak duen garrantzia aintzat hartuta eta aurreko legealdian sinatutako sistema hori gauza ezina zela ikusirik, Udalera sartu orduko, gobernu taldea gogor aritu da lanean bailara mailan hondakinak biltzeko sistema berri eta bateratu bat bultzatzeko eta aurreko legealdian sinatutakoari erantzuna eman ahal izateko. Honenbestez, beste herrietako Udalekin harremanetan jarri eta guztientzat onuragarria izango den sistema bakar bat jarri ahal izateko aukera aztertu eta landu dute. Horiek horrela, 2016ko urriaren 28an Mankomunitatean egindako Zuzendaritza Batzordean, sistema berria aurkeztu eta horrez gain, alderdi politiko guztiek osatutako lan talde bat sortu zen, zeinak, abenduaren 1ean, aho batez onartu zuen sistema mankomunatua.  

 

Horren bitartez, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Mankomunitatea arduratuko da hondakinen bilketa eta kudeaketaz, errefusa barne.  Sistema berriaren arabera, errefusa eta organikoaren edukiontziak txipdun txartel bidez irekiko dira, egunero eta nahi adina aldiz eta gainerako edukiontziek gaur egungo sistemarekin jarraituko dute. “Sinatutako akordioari esker, Udalak bi helburu nagusi bete ditu: 2013an sinatutako hitzarmenari erantzuna ematea batetik eta orain arte udalerri bakoitzak kudeatu duen errefusaren bilketa Mankomunitatera bideratzea, bestetik” azaldu du alkateak, Oier Kortak. Halaber, neurri horiek eta bailarako udalerri guztiek zerbitzu bera izateak guztion baliabideak optimizatu eta sistema are eraginkorragoa bilakatuko dutela adierazi du.  

 

Amaitzeko, sistema mankomunatu berriak, besteak beste, hondakinak gaika biltzeko portzentaia igo eta errefusa kopurua murriztea ekarriko duela gehitu du. Era berean, sistema berria martxan jartzean, Hondakin Mahaiak jarraipena izango du, zerbitzuaren inguruko gai desberdinak jorratzeko eremu gisa.