Idoia Fraile Ugalde, Ipar Alkain Kazabon, eta Angel Gallo Fernandez, izan dira 30. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak

2017/11/24

Azaroaren hasieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño; Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe. Aspaldian ez ziren aurten adina lan aurkeztu, guztira 57 hain zuzen, horietatik 7 zumaiarrek idatzitakoak. Beraz, kasu honetan ere, inoiz baino parte-hartze altuagoa izan dute zumaiarrek.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako  hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:

1. saria,  3.000 eurokoa,  Idoia Fraile Ugaldek eskuratu du ERREKA BILA ipuinari esker. Idoiak lehengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, bere idatziaren bitartez, ibilbide labur batean, asko kontatzen duelako, oso euskara ederra erabiltzen duelako eta aberatsa eta landua delako. Gainera, drama bat dena haurraren xalotasunez kontatuta dago. Oso sinbolo ederrak erabitlzen ditu eta kontatzen duena ikustarazi egiten du.

2. saria, 1.500 eurokoa,  Ipar Alkain Kazabonek irabazi du GARBIKETA EGUNA lanarekin. Ipuin honetako gaiak gaurkotasun handia duen arren, oso gutxitan landu izan da horrela literaturan. Ongi kontatua, ongi garatua eta oso ongi amaitua dago epaimahaiaren iritziz eta horrez gain xehetasun handiko deskribapen sakonak ditu.

Zumaiako onenaren saria, berriz, Angel Gallo Fernandezentzat izan da, XANT JAUNAREN AZKEN BORROKA ipuinagatik. Ausardiaz jokatu duela iritzi dio epaimahaiak eta orain artean euskaraz apenas landu gabeko genero bat jorratu du zientzia fikzioaren barnean kokatzen den steampunk azpigeneroa hain zuzen. Epaimahaiak adierazi duenez, Ipuina berritzailea eta originala da, egitura zaindua du eta amaiera ere originala du.

Sari banaketa ekitaldia Euskararen Astearen barruan egingo da,  azaroaren 30ean, ostegunean,  19:00etan, Alondegian. Bertan Pettik eta Irati Jimenezek “Nigan ispilu batean bezala” emanaldia eskainiko dute eta nahi duen guztia gonbidatuta dago bertan parte hartzera.