Kaleko pintura lehiaketa egingo da hilaren 15ean

2017/08/10

Lehiaketan haur gazte zein helduek parte hartu ahal izango dute eta teknika zein gaia parte-hartzaileen esku egongo da. Lana kalean eta Zumaiako lur eremuaren barne egitea izango da oinarrizko baldintza.

Datorren asteartean, hilak 15, Zumaia kolorez josiko da kaleko pintura lehiaketa ospatzeko. Lehiaketa irekia izango da, hau da, haur, gazte zein helduek parte hartu ahal izango dute eta erabili beharreko pintura teknika zein margolanaren gaia parte-hartzaileen esku egongo dira.

Goizeko lehen ordutik ekingo zaio lehiaketari: 09:00-11:00 bitartean lanerako euskarriak zigilatuko dira Oxford aretoan eta ondoren, 14:00ak arte izango dute parte-hartzaileek haien lanak amaitu eta horiek aretoan bertan aurkezteko. Euskarriak aurretik prestatuak eraman ahal izango dira baina ez da onartuko marrazki edo zirriborroak izatea. Horrez gain, aipatu euskarriak gogorra izan beharko du.  

Behin lan guztiak aurkeztu ostean bazkari herrikoia egingo da. Parte-hartzaile orok txartel bana jasoko du eta lehiaketatik kanpo bazkarian parte hartu nahi dutenek 15€ ordaindu beharko dituzte. Arratsaldean, 18:30ean sari banaketa izango da.

Sariak:

-          Lehen saria: 800€

-          Bigarren saria 500€

-          Saritu gabeko lehen zumaiarra: 300€

Lehenengo bi lan sarituak Udalaren jabegora pasako dira.

16 urtetik beherakoen atalean, aldiz, arte materialaz osatutako saria banatuko da:

-          Gaztetxoen saria: 12-16 urte bitarteko onenari

-          Haurren saria: 12 urte bitarteko onenari

Aurkeztutako lanekin epaimahaiak aukeraketa bat egingo du eta horiek ikusgai egongo dira Oxford aretoan abuztuaren 16tik irailaren 3a arte.