KOLOREZ BIZI ZUMAIAN, HERRITARREI ZUZENDUTAKO UDAL ALDIZKARI BERRIA

2016/07/21

Aldizkariaren diseinu berriak helburu du zumaiarrentzat erakargarria, arina, dinamikoa eta irakurterraza izatea eta herriko informazio esanguratsuena modu argi eta zuzenean helaraztea

Aldizkaria 4 atalez osatuta egongo da, hauetako bat, bereziki herritarrei eskainia eta hiru hilez behin banatuko da Zumaiako etxe guztietan

Kolorez Bizi Zumaian izenarekin aurkeztu dute gaur gobernu taldeko kideek udal aldizkari berria. Udalak, etenda izan du azken urte honetan zehar honen argitalpena eta gobernu taldeak, alkatea buru, azaldu ahal izan duenez "orain arte egon den bi hilabeteroko aldizkari formatua baztertu eta gaia aztertu ondoren aldizkariaren maiztasuna aldatu eta bide batez egitura osoa aldatzea erabaki dugu, parte-hartzaileagoa, koloretsuagoa eta erakargarriagoa izango den aldizkari berri bat diseinatuz”. 

Aldizkariak, udal jardunaren, Zumaiako gai garrantzitsuenen eta herritarrak gehien kezkatzen dituen gaien inguruko informazioa jasoko du. Gainera, diseinu berri honen baitan, Udalak,  protagonismo berezi bat ere eman nahi izan die zumaiarrei, beraiei zuzendutako atal bat sortuz, zeinak, aldizkarian, herritarren parte hartzea sustatzea duen helburu. 

Horiek horrela, aldizkari berria 4 atal ezberdinetan banatu da. Lehenak,   zumaiarrentzat lanean izena jasotzen du eta honek, besteak beste, Udal jardunaren eta erabakien berri eman eta Udalak, Zumaia eta zumaiarrentzat egiten duen lanaren informazioa izango du. Bigarren atala, zumaiarren txokoa deritzona da eta bereziki herritarrei zuzenduta egongo da, beraz, izaera ludikoagoa izango du. Bertan, herriko festen edo ekintza nagusien inguruko argazkiak, zumaiarrei egindako kale inkesta, elkarrizketa eta erreportajea jasoko dira. Hirugarren atala, alderdien txokoa izenekoa, Udaleko alderdi politiko guztien iritzi artikuluz osatuta egongo da eta azkenik, datorrena atalak, herrian aurrera eramango den ekintza edo ekitaldi garrantzitsu baten berri emango du. 

Horiek horrela, atal hauen bitartez, aldizkariak, egitura argia eta identifikagarria izango ditu. “Aldizkariak, herriko gai esanguratsuenak landuko ditu, baina hauek modu erakargarri, arin eta entretenigarri batean aurkeztu nahi izan ditugu” azaldu du alkateak, Oier Kortak. “Diseinu berria ez da jada zuri beltzean izango, alaia eta koloretsua baizik, argazki ugari izango ditu eta irudiek garrantzi handia izango dute” jarraitu du Kortak. Egitura berri honek, helburu du, zumaiarrei informazioa argi eta zuzen helaraztea, baina aldi berean, baita hau herritarrentzat ulerterraza, entretenigarria eta interesgarria egitea. “Horretarako, Zumaian eta zumaiarren artean pil-pilean dauden gaiak jorratzen saiatuko gara eta noski, herritarren partaidetza sustatuko dugu aldizkarian, eurek ere, kale inkesta edo erreportaje eta elkarrizketa bitartez, modu aktiboan parte hartu dezaten” azaldu du Kortak. 

Era berean, alkateak azaldu du, datozen egunotan jasoko dutela zumaiarrek aldizkari berri honen lehen alea euren etxeetan eta espero du honen diseinu eta egitura berria, irakurleen gustukoa izatea. Amaitzeko, aurrerantzean, aldizkaria hiru hilabetez behin bidaliko dela jakinarazi du.