Martxan da 2018ko inauterietako kartel lehiaketa

2017/12/07
Parte hartzaileek urtarrilaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dituzte proposamenak. Kartel irabazlea aurtengo inauterien egitarauaren irudia izango da.

Eguberriak ia hasi gabe oraindik, jada inauterietan pentsatzen hastea dagokigu, aipatu festak uste baino lehen helduko baitira 2018an, otsailaren bigarren astean, alegia.

Hori dela eta, urtero bezala, inauteriak iragartzeko zumaiarrei zuzendutako kartel lehiaketa antolatu du  Udalak.

Parte hartzaileek urtarrilaren 12a arte aurkeztu ahal izango dituzte Alondegian haien proposamenak. Aurtengo kartelaren gaia eta irudiak jaso beharreko testua “Zumaiako Inauteriak 2018” izango da.

Partaide bakoitzak gehienez 3 proposamen egin ahal izango ditu DinA3 neurrian (297x420mm) eta irudia, egilearen izenarekin batera, gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko da.

Kartel irabazlea Festa Batzordeak osatutako epaimahaiak erabakiko du. Saridunak 300€ko ordainsaria jasoko du eta gainera, irudi hori bera erabiliko da 2018ko inauterien egutegia zabaltzeko, horrenbestez, kartela Udalaren esku geratuko da.

Era berean, proposamen guztiak (irabazlea barne) ikusgai jarriko dira Alondegian otsailaren 1etik 18ra eta herritarrek gustukoen duten irudia bozkatu ahal izango dute.

Horrela, bozka gehien jasotzen dituen kartelak bigarren saria irabaziko du, herritarren saria, alegia; Zumaiako jatetxe batean bi lagunentzako afaria.  

Irabazi ez duten kartelak erakusketa amaitu eta 15 eguneko epean jaso beharko dira.

Animatu parte hartzera!

Iazko kartel irabazlea