MUGIKORTASUN PLANA GARATZEN JARRAITZEKO BILERAK AZAROAN EGINGO DIRA

2016/10/20

Bilerek helburu dute herriko mugikortasun arazoak aztertzea, aparkamenduaren egoera zuzentzea eta horren inguruan auzotarren proposamenak, iradokizunak eta ekarpenak jasotzea.

Azken urteotan herrian zehar aparkatzeko antzeman diren arazoak direla eta, udal gobernu taldea Zumaiako Mugikortasun Plan berria garatzen hasi da.

Plana garatzeko gobernuak ezinbestekotzat jo du herritarrekin bildu eta haien beharrak gertutik ezagutzea. Dagoeneko Ardantzabide, Larretxo eta Hondar-gaineko auzotarrekin bildu da eta azaroan Zumaiako gainerako biztanleekin elkartuko da, aparkamenduari dagokionez irtenbideak proposatu eta zumaiarren ekarpen eta iradokizunak jaso ahal izateko.

Planaren helburua da herriaren eta herritarren egungo mugikortasun eta irisgarritasun beharrei erantzuna ematea. Horretarako, herriko aparkamendua TAO sistemaren bidez ordenatu eta arautu nahi du gobernuak, betiere egoiliarrak lehenetsiz.