Musika Patronatua desegitea eramango da hurrengo osoko bilkurara

2015/11/27

Pasatu den astean egindako osoko bilkura berezian, azaroaren 19koan, Musika Patronatua desegiteko hasierako onarpena emateko asmoa zuen Udal Gobernuak. Eguneko gai ordenan ere sartua zegoen gaia, baina azkenean puntua ateratzea erabaki zuen alkateak.

Patronatua desegiteko erabakia hartuta bazegoen ere, azaroko bilkura berezian sartzea eta lehenbailehen desegitea garrantzitsua zen datorren urteko aurrekontuak aurkeztu aurretik, bestela administratiboki lan karga handia sortuko baitzuen.

 

Udala musika patronatuko talde gehienekin hitz eginda bazegoen ere, plenora eramateak kezka sortu zuen hitz egin ez zen talde batzuengan. Ondorioz, talde guztiei erabakiaren berri eman arte osoko bilkurara ez eramatea erabaki zen.

 

Aste honetan, azaroaren 25ean, Udal Gobernuak alkate buru zuela Musika Patronatuko taldeen ordezkariekin bilera egin zuen; han aurkeztu ziren erabaki horren arrazoiak, eta talde guztiek ulertu zuten Musika Patronatua desegitearen arrazoia.

 

Administratiboki lan karga handitu eta funtzionalki traba egiten duen estruktura hutsala

 

Musika Patronatuak ez du egitura eta baliabide pertsonal propiorik, eta horrek lan karga administratiboa handitu eta eman beharreko pausoak bikoiztu egiten dizkio Udalari. Lan karga hori arintzeko asmoz, Zumaiako Udal Gobernuak datorren plenoan Musika Patronatua desegiteko hasierako onarpena ematea du helburu.

 

Herri ekimena da azpimarratu eta balioan jarri beharrekoa

 

Musika Patronatuaren estruktura administratiboak desegiteak ez du sortuko inongo aldaketarik Udalak elkarteekin orain artean izandako funtzionamendu edota harremanetan, ezta udal eta elkarteen arteko etorkizuneko erlazioetan ere; Kultura teknikariak eta zinegotzia izango dira ordezkariak antolamendu aldetik, eta Udalak zuzenean kudeatuko ditu administrazio lanak.

 

Udalak azpimarratu nahi du herriko kultur eta musika ekimenak direla benetan garrantzitsuak, elkarteak osatzen dituzten pertsonak dira goraipatu eta balioan jarri beharrekoak, azken finean gorputza ematen diotenak musika patronatuari eta ez alderantziz, beharrek sortzen dituzte estruktura administratiboak; baliabide edo tresnek jarduerak errazteko izan behar dute eta ez alderantziz, musika patronatuaren kasuan bezala.