Olarro Egunean lan egiteko herriko taldeei deialdia

2015/07/30

Datorren irailaren 19an ospatuko da OLARRO EGUNA. Ohikoa denez, gastronomiak garrantzia handia izango du; olagarroa eta itsasoko produktuak dastagai izango dira txosnetan nahiz herri bazkarian. Guzti horrek lan handia eskatzen du eta Zumaiako elkarteei laguntza eskatu nahi die Udalak, aurtengoan ere.

 

 

TXOSNETAKO LANA: hainbat taldentzat lana, txosna bakoitzean talde bat

Betebeharreko lanak: asteazken eta ostegunean (irailaren16 eta 17an), talde bakoitzetik 12 lagun gutxienez, olagarroa moztu eta brotxetak egin beharko dituzte. Larunbatean, olagarro zopa prestatu beharko dute goizean banatzeko eta arratsaldean txosnetan brotxetak banatuko dituzte. Taldeak azpiegitura muntatu beharko du eta furgoneta bat ezarri beharko du guztia garraiatzeko. Edariak ere taldearen esku izango dira. Goizeko 9:00etan hasi eta 23:00ak aldera arteko lana izango da, Olarragarro egunekoa (15 bat lagun). 

Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira. Prezio herrikoiak eskaintzen dira. 

 

BAZKARI HERRIKOIA ZERBITZEA: talde batentzat lana

Lan horretako ezaugarri nagusiena da 550 lagunei herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karparako sarrerak zaintzea; baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak  ere (35 bat lagun).

Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa Udalaren eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.

 

IZEN EMATE EPEA: uztailaren 30etik abuztuak 30era arte, turismo bulegoan: 943143396 // turismoa@zumaia.eus

Taldeei bilera batera dei egingo zaie eta bilera horretan azalpen zehatzagoak emango dira. Lan bakoitzaren betebeharrak zehatz-mehatz zein diren azalduko da eta zozketaren ondoren talde bakoitzak zein tokitan lan egitea tokatu zaion jakingo du.

 

Nortzuk aurkez daitezke?

Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak.

Elkarte horiek Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute).

 

Horrez gain, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta batik bat edariak banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.