OTSAILAREN 27TIK AURRERA EZINBESTEKOA IZANGO DA BERTAKOEN TXARTELA IZATEA ARDANTZABIDEKO EGOILIARREN EREMUAN APARKATU AHAL IZATEKO

2017/02/02

Aipatutako txartela ez duten auzotarrek udaletxean eskuratu ahal izango dute eta horretarako ezinbestekoa izango da ibilgailua Zumaian eta auzoan bertan erroldatuta izatea.

Jakina da datozen hilabeteotan supermerkatu berri bat zabalduko dela Ardantzabiden eta irekiera horren aurrean auzotarrak lehenetsi eta babestu nahi izan ditu udal gobernuak, mugikortasunean eta bereziki aparkamenduaren antolamenduan arreta berezia jarriz.

Horretarako Ardantzabide 07 Hirigintza Areako Plan Berezia onartu zuen 2016ko azaroan eta horren arabera, aparkamenduari dagokionez, %75 egoiliarrentzat jaso da eta gainerako %25a aparkaleku libre gisa eskainiko da.

Dagoeneko amaitu dira eremu biak definitzeko margotze lanak eta Udalak jakinarazi du, datorren otsailaren 27tik aurrera ezinbestekoa izango dela bertakoen txartela izatea egoiliarren eremuan aparkatu ahal izateko.

Honenbestez, oraindik txartela eskuratu ez duten auzokideek udaletxean eskatu ahal izango dute. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da ibilgailua Zumaian eta auzoan bertan erroldatuta egotea. 

Baldintza hori beteko ez balitz eta autoa beste etxebizitza batean erroldatuta balego, ibilgailuaren helbidea aldatu eta eguneratu beharko litzateke. Horretarako, Trafikora deitu eta hitzordua hartu beharko da 943 452 000 telefonoan edo internet bidez.

Halaber, datozen egunotan abisuak jarriko ditu Udalak auzoko atari guztietan auzotar guztiek izan dezaten horren berri.