SAN JOSE AUZOKO IGOGAILU PROPOSAMENEN XEHETASUNAK AZALTZEKO BILERA IREKIA EGINGO DU UDALAK ASTEAZKENEAN

2017/04/21

Bilera elebitan izango da Beheko plazako Hogarrean, arratsaldeko 18:00etan.

Dagoeneko ikusgai daude Beheko plazako Hogarrean Eusebio Gurrutxaga eta San Juan egoitza artean igogailua jartzeko udal epaimahaiak aukeratutako 5 proposamenak. Zumaiarrek maiatzaren 2a arte izango dute gustukoen duten diseinua bozkatzeko aukera eta haien botoak epaimahaiak aurrez emandako puntuazioari gehituko zaizkio. Horrela, puntu gehien lortzen dituen diseinua izango da irabazlea eta horrenbestez, auzoan aurrera eramango den proiektua.

Horren harira, Aste Santu aurretik iragarri modura, datorren asteazkenean, hilak 26, bilera irekia egingo du Udalak herritarrekin proposamen bakoitzaren xehetasunak azaldu eta horien inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Bilera elebitan izango da, Beheko plazako Hogarrean, arratsaldeko 18:00etan.