Santiagoko hondartzaren egokitzapen lanak 2018an egingo dira

2017/11/24

Negua amaitzean ekingo zaie lanei eta horiek 6 hilabeteko iraupena izango dute, baina hondartza zabalik mantenduko da uneoro. Egokitzapen eta biziberritze lanek eremuko segurtasuna, irisgarritasuna eta azpiegiturak hobetuko dituzte eta horretarako 1.700.410.14€ko inbertsioa egingo du Estatuko Kostetako Zuzendaritzak.

Santiago hondartzako egokitzapena errealitate bilakatzear dago. Horrela azaldu du gaur goizean Javier de Andres, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak hondartzan bertan egindako agerraldian. Bertan egon dira baita ere Teresa Ruiz, Gipuzkoako Kostetako ordezkaria, Jose Luis Herrador, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaria, Zumaiako alkatea, Oier Korta eta Getariako alkatea Nika Lertxundi.

Agerraldian adierazi dutenaren arabera, proiektua dagoeneko lizitaziora atera da eta amaitu berri da proposamenak aurkezteko epea. Datozen urratsen artean, abenduaren 21ean proposamen horiek guztiak ireki eta 2018ko lehen hiruhilekoan  obra esleitzea aurreikusi da.  

 “Santiago hondartzako egokitzapen lanek eremuko irisgarritasuna hobetuko dute, baita bertako azpiegituren kalitatea eta ingurumenaren zaintza eta babesa ere”, azaldu du Javier de Andresek.

Aipatu lanak negua amaitzean hasiko dira eta 6 hilabeteko iraupena izango dute, horrenbestez, urte amaierarako bukatuta izatea aurreikusi du Madrilgo Kostetako Zuzendaritzak. Dena den, lanen exekuzioak ez du inolako oztoporik eragingo hondartzaren ohiko erabileran, hau da, zabalik mantenduko da uneoro.

Zumaiako alkateak, Oier Kortak ere hartu du hitza agerraldian eta eskerrak eman dizkio Kostetako Zuzendaritzari Santiagoko hondartzan egingo duen inbertsioagatik. “Urteak egin ditugu zumaiarrok Santiagoko eremu hau berritzearen zain eta ibilbidea luze joan bada ere, guztion arteko elkarlanari esker, badirudi dagoeneko proiektua errealitate bilakatuko dela. Lan horiek, onura garrantzitsuak ekarriko dizkio eremuari, beraz, oso kontentu gaude “.

Lanen nondik-norakoak:

Egokitzapen lanek helburu dute eremuko segurtasuna, irisgarritasuna eta azpiegiturak hobetzea. Horretarako lehenik eta behin, aparkaleku parean dagoen sarreran, 137 metroko luzera eta 5.5 metroko zabalera izango duen arrapala eta eskailera berriak doituko dira. Arrapala horren azpian, aldiz, hondartza zerbitzuak jasoko dituen eraikina egingo da, non mantenurako biltegia, komunak, aldagelak, dutxak edota sorosleentzako gunea kokatuko diren. Eraikin horren doiketa lanak Zumaiako Udalak hartuko ditu bere gain.

Arrapala hori Erdikoi Haitz begiratokiarekin elkartzeko, aparkalekuko kurbatik hasita pasabide berri bat eraikiko da boladizoan. Pasabide horrek aipatu begiratokia inguratuko du eta bertatik hondartzara sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dira. Horrez gain, Erdiko Haitzeko berdegunean eserlekuak, edukiontziak, bizikletak uzteko aparkalekuak edota hankak garbitzeko iturriak ere jarriko dira, baita harmailak ere, bertatik ikus daitekeen paisaiaz gozatzeko.

Eta ingurumenaren zaintza hobetze aldera, saneamendu instalazio berriak jarriko dira, egungo kantina hondartzatik aterako da eta landare espezie inbaditzaileak kenduko dira.