SANTIAGOKO HONDARTZAREN EGOKITZAPENA ERREALITATE BILAKATZEAR DAGO

2017/04/05

Hondartza biziberritu eta ingurua egokitzeaz gain, sarbideak hobetu eta berritu eta kalitatezko azpiegitura egokiak doituko dira. Horretarako 1.723.054,90€ko inbertsioa lortu du Udalak Madrilgo Kostetako Zuzendaritza Nagusitik.

PROIEKTUAREN AURKEZPENA IKUSGAI HEMEN

Urteak daramatzate herritarrek Santiagoko eremua berritzearen zain, hondartzak gaur egun sarbide bakarra izateaz gain, hori zein bertako azpiegiturak ere nahiko kaltetuak daudelako. 

Ibilbide hori, ordea, luze joan da. Hondartzaren eremuaren egokitzapen Plana 2003an idatzi zen. Ondorengo legealdian, 2003-2007 bitartean Aldundiak Planean jasotako lanen kostua bere gain hartzea lortu zuen Udalak. Kostetako Zuzendaritzak, ordea, eremuaren konpetentzia, ordea, Kostetako Zuzendaritzari dagokio eta ondorioz, exekuzio proiektua bertan behera gelditu zen.  2011-2015 bitartean, aldiz, Urola Kostako Itsasadarraren Planari lotuta, Santiagoko eremuan zenbait lan aurrera eramateko eskatu zion  Udalak Kostetako Zuzendaritzari, zeinak, besteak beste, bertako espezie inbaditzaileak kendu edota dunetako landaretza ez zapaltzeko itxierak egin zituen. Sarbide eta azpiegiturei dagokionez, ordea, ez zuen aurrerapausorik eman.

Horrenbestez, azken bi urteotan, 2003ko Plana oinarri hartuta, hainbat aldaketa egin dizkio Udalak dokumentuari Santiagoko eremua eta azpiegiturak egokitu eta proiektua hondartzaren eta bertako erabiltzaileen beharretara moldatu dadin. 2015eko urrian Joseba Agirretxea parlamentariak eta Zumaiako alkateak, Oier Kortak Madrilgo Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioan aurkeztu zituzten proposamen horiek eta Kostetako Zuzendaritzaren onespena jaso ostean, LKS enpresak, Udalaren irizpideak jarraituz, proiektua garatu du azken urtean. Behin txostena prest, joan den martxoaren 24an Madrilera bueltatu eta bertan egindako bileran Espainiako Gobernuko Kostetako Zuzendaritza Nagusiak proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartzea lortu du Udalak.

Konpromiso horren arabera, Kostetako Zuzendaritzak aurtengo aurrekontuen baitan jasoko du Santiagoko hondartzaren egokitzapen proiekturako kontu-saila, 1.723.054,90€ko kontu-saila, hain zuzen. Beraz, Estatuko aurrekontuak aurrera ateraz gero eta proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio txostena beharrezkoa ez izanez gero, Kostetako Zuzendaritzatik adierazi dutenez, egokitzapen proiektua 2017an zehar lizitaziora ateratzea aurreikusten dute.  

Proiektuaren nondik-norakoak

Lehenik eta behin, hasierako Planean jaso bezala, herritar zein hondartzako erabiltzaileei kalitatezko azpiegiturak eskaini eta bertako irisgarritasuna eta sarbideak errazteko, aparkaleku parean dagoen sarreran, arrapala eta eskailera berriak doituko dira. Arrapala horren azpian, aldiz, hondartza zerbitzuak jasoko dituen eraikina egingo da, non mantenurako biltegia, komunak, aldagelak, dutxak edota sorosleentzako gunea kokatuko diren.

Proiektuaren lanketa hasi zenetik 14 urteko ibilbide luze horretan, ordea, hondartzak bilakaera garrantzitsu bat izan du, itsas maila nabarmenki urrundu da eta aldaketa horiei erreparatuz, udal gobernu berriak, azken bi urteotan hainbat moldaketa egin dizkio 2003ko Planari. Aldaketa horien arabera, aparkalekuko kurbatik hasita tunela bitarteko eremuan pasabide bat egokituko da, Erdiko Haitza begiratokia inguratuz. Halaber, begiratokitik hondartzara sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dira eta kantina hondartzatik atera eta begiratokiko zelaigunera pasako da. Horrez gain, Erdiko Haitzeko berdegunean eserlekuak, edukiontziak, bizikletak uzteko aparkalekuak edota hankak garbitzeko iturriak ere jarriko dira, baita harmailak ere, bertatik ikus daitekeen paisaiaz gozatzeko.