Udalak literatura ikastaroa antolatu du Lander Garro idazlearen eskutik

2016/12/29

Azken urteotako ohiturari jarraituz, aurten ere literatura tailerra antolatu du Euskara Zerbitzuak. Urtarrilaren 21ean hasi eta otsailaren 18an bukatuko da (otsailaren 4an ez da saiorik egongo). Larunbatetan izango dira saioak, Alondegia kultur etxean, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara bitartean. Guztira 12 orduko tailerra izango da, eta Lander Garro idazlea arituko da irakasle.

PERTSONAIAREN ERAIKUNTZA. Paperezko mukizapiak bezala, erabili eta bota egiten ditugu geure irakurketetan agertzen diren pertsonaietako asko; beste batzuk, ordea, betiko eramaten ditugu geure baitan, ez geuregandik aparte leudekeen objektuak balira bezala, ez, baizik eta gugan integratutako izaki mitologikoen modura. Zergatik? Zergatik dago pertsonaia batzuen eta besteen arteko alde handi hori? Zerk bilakatzen du pertsonaia bat zinez gogoangarri? Galdera horri erantzuteko ahalegina egingo du aurtengo  tailerrak.

Matrikula egiteko 30 euro ordaindu eta izena urtarrilaren 13a baino lehen eman beharko da Euskara Zerbitzuan, 943865025 telefonora deituta (6 luzapena) edo euskara@zumaia.eus helbidera idatzita. Plaza kopurua mugatua izango da (16 lagun gehienez).