Udan ere herrigunean geldialdiak egingo dituzte autobusek

2015/06/30

Azken urteotan, udan, autobus zerbitzuen herriguneko geldialdiak kendu egin izan dira. Udal Gobernu berriak, herritarren eskari eta kexak jaso ostean, geldialdiak mantentzea erabaki du, proba gisa.

 

Udal Gobernu berria hasi da neurri berriak hartzen, eta uda denboraldiari begira, lehen erabakia hartu du. Azken urteotan lineako autobusak uda garaian ez dira sartu izan zubi txikitik erdigunera. Udal Gobernuak, ordea, aproba egin nahi du. Hau da, uda garaian, Donostia eta Zumaia arteko autobus zerbitzuak neguan egiten dituen geldialdi berak egingo ditu; baita herrigunekoak ere.

Oier Korta alkateak adierazi duenez, “kexa ugari jaso izaten dira autobus geldialdien aldaketa dela eta”. Hori jakinik, uda honetan aproba egingo dute. “Adineko jende asko bizi da herrigunean, eta horiei ere garraio publikoa erabiltzeko erraztasunak ematea da gure helburua”, dio Kortak.

Hala ere, egun seinalatuetan (Flysch Trail mendi lasterketa egiten den egunean, adibidez) autobusak ez dira sartuko herrigunera. “Kasu horietan, herritarrak aurrez eta behar den bezala informatuko ditugu”, zehaztu du Kortak.