Urola zeharkatuz

2015/07/28

Uda garaia iristen denean, Zumaian Urolaren itsasadarra zeharkatzen duen ontzi zerbitzua jartzen da abian. Gehienek herrigunetik Santiago hondartzarako joan-etorria egiteko baliatzen dute. Zerbitzu horrek, ordea, Zumaiako historian sakontzen den sustrai luzea du.

 

Herriaren garapenari erreparatzen badiogu, Zumaiaren itsuraldaketa ikusgarriaz ohartzen gara. Garai batean, gaur egun alde zaharra kokatzen den muinoa, urez eta padurez inguratua zegoen, eta Getaria eta Zumaia lotzen zituen bidearentzat Urola ibaiaren itsasadarra eten bat zen. Horrela, Getariatik Zumaiara edo Zumaiatik Getariara joan nahi zuenak itsasadarra zeharkatzeko beharrarekin egiten zuen topo. Bide hori gainera, probintziako hiru bide nagusienetariko bat zen, Bizkaia eta Frantzia lotzen zituen ibilbidea, hain zuzen.

Komunikabideak zuen oztopo hori gainditzeko, Urola zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua jarri zen abian. Kostaldeko herrietan horrelako zerbitzuak aurkitzea nahiko arrunta izan ohi da; portu eta badietan bidaiariak alde batetik bestera eramatea beharrezkoa baitzen. Zumaiak izan zuen lehen herri-zerbitzua izan zela esan daiteke.

Bidaiari ontziaren inguruko lehen aipamenak 1583ko udal aktetan aurkitu ditugu. XVI. mendeko idatziek, ordea, ez dute zerbitzu horri buruzko informazio gehiegirik eskaintzen. Hori bai, 1585 urterako bidaiari ontziaren zerbitzua Udalak enkantean jartzen zuela ematen da aditzera. Gainera, urte horretan bertan, enkantea irabazten duenak ontzi berria eraikitzeko ardura izango duela jakinarazten da. XVI. mende bukaerako idatzi horiek Urolako itsasadarra zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua lehenagotik martxan zegoela adierazten digute.

Behin XVII. mendean sartuta berriak ugaritu egiten dira. Udalak enkantean jartzen jarraitzen zuen bidaiari ontziaren zerbitzua, horren kudeaketa eskaintzaile onenak eramaten zuelarik. Ontzia eraiki eta konpontzeaz arduratzen zen Udala, baina errentariak bi baldintza bete behar izaten zituen:

-  Zumaiarrak ontzian alde batetik bestera doan eramatea.

- Bere kontura ontzia urtean bi aldiz karenatzea.

1690eko agiri batek ontziaren enkantea Jose Iriarteren aldekoa izan zela erakusten digu. Urtean 17 dukat ordaintzeko eskaintza eginez 4 urterako kudeaketa lortu zuen. Kontsultatutako agirien arabera, ontziaren kudeaketa 4-6 urte bitartekoa izaten zen eta honekin Udalak lortzen zituen etekinak oso desberdinak izan zitezkeen enkantetik enkantera. Hala ere, etekinak etekin, Udalarentzat ezinbesteko zerbitzua zen bidaiari ontzia.

Erabilerarekin ontziak konponketa ugari behar izaten zituela pentsatzekoa da. Zenbaitetan ontzi berria egiteko beharra ere suertatzen zen, Udalaren ezintasun ekonomikoa agerian geratzen da sarri horrelakoetan. Ontzi berria eraikitzeko ezintasunak ontzi zaharra behin eta berriz konpondu behar izatera eramaten zuen. Herria Donostiako bide komertzialarekin lotzen zuen bidaiari zerbitzu hau oztopoko guztien gainetik mantentzen saiatu zen Udala. Mendeetan luzatu zen; itxura denez 1886an kostaldeko bideak Zumaia eta Getaria lotu zituen arte. 

 

*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.