Uztailaren 1etik 15era izango da zabalik euskara ikasteko diru-laguntza eskatzeko epea

2015/06/30

Zumaiako Udalak ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak lagunduko ditu diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azkeneko eguna

Datorren asteazkenean, hilaren 1ean, irekiko da pasa den ikasturtean euskara ikasten aritu direnek diru-laguntzak eskatzeko epea. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero egiten du deialdia eta ekimenak euskaraz ez dakiten herritarrak euskara ikastera animatu nahi ditu.

 

Ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak lagunduko dira diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Diru-laguntzak jasotzeko, ordea, bi baldintza egiaztatu beharko dira: batetik, Zumaian erroldatuta egotea, eta, bestetik, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea, gutxienez.

 

Aurkeztu beharrekoa

 

Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azkeneko eguna. Interesatuek honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte eskaria egiterakoan: eskabidea (beste dirulaguntzen aitorpenarekin), Nortasun Agiriaren kopia, matrikularen agiria, euskaltegiaren ziurtagiria (maila, datak, ordu kopurua, asistentzia…), eta egoera bereziak egiaztatzeko agiriak (langabezia-txartela edo gizarte zerbitzuen txostena).

 

Udako ikastaro eta barnetegiei dagokionez diru-laguntzak eskatzeko beste epe bat irekiko da urrian.