VOLANDO VOY PROGRAMAK GURE KOSTALDEAN GRABATUTAKO IRUDIEN AURKEZPENA EGINGO DU IGANDEAN ZUMAIAN

2017/05/26

Aurkezpen hori Maria eta Jose ikastetxeko areto nagusian izango da arratsaldeko 18:00etan.

Cuatro telebista katea Volando Voy programa grabatzen aritu da aste honetan Zumaia, Deba, Mutriku eta baita Zarautz inguruan ere. Jesus Calleja aurkezle ospetsua gure kostaldera etorri da eta herriko hainbat pertsonaia aukeratu ostean, haien bila joan da elkarrekin hegaldi txiki bat egiteko.

Horren harira, saio horretako atal guztiekin egin ohi den bezala, behin grabaketa lanak amaituta, filmatutako irudiak aurkeztu eta herritarrekin partekatzeko jaia antolatu dute igandean. Aurkezpena Maria eta Jose ikastetxeko areto nagusian izango da arratsaldeko 18:00etan.

Eta aurkezpen egun hori aprobetxatuz, telebistan emitituko den saiorako azken irudiak grabatuko dituzte aretoan bertan. Horregatik, bertaratzen diren guztiek beraien irudiak grabatzeko baimena sinatu beharko dute, ondoren telebistan igorriko den saioan agertu ahal izateko.

Hori dela eta, ikastetxeko ateak 16:30ean irekiko dituzte, azken orduko ilarak sor ez daitezen. Sarrera mugatua izango da gutxi gora behera 500 lagunentzat.