"ZUMAIAKO ESKOLA BIDEA" PROIEKTUA AURKEZTUKO DA LARUNBATEAN ALGORRIN

2017/05/25

Herriko ikastetxeetara oinez edo bizikletaz joateak abantaila ugari ekartzen ditu haurren osasunerako, haien autonomia garatzeko eta baita garraiobide motordunek sortzen duten kutsadura murrizteko ere. Hortaz jabeturik, Zumaiako Udala, Herri Eskola eta Maria eta Jose Ikastetxeko guraso elkarteak batera “Zumaiako Eskola Bidea” izeneko proiektua bultzatzen ari dira. Herriko puntu ezberdinetatik ikastetxe batera zein bestera joateko erabili daitezkeen bideak aztertu ondoren, datorren larunbatean, Projekta Urbes arkitekto taldearen laguntzarekin egindako diagnosiaren emaitzak aurkeztuko dituzte Algorrin.

“Eskola Bideak" proiektuaren helburua da eskola zein herriko bideak lantzea eta mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatzea, zumaiar guztiak, autoaren erabilera gutxituz, autonomia eta segurtasun osoz, oinez, patinetez, bizikletaz, autobusez… mugitzeko aukera izan dezaten. Horretarako, azken urtean, Zumaian, eta bereziki eskola bideetan dauden mugikortasun arazoak aztertzeko diagnosi sakon bat egin da.

Maiatzaren 27an egindako lana aurkeztuko da Algorri Interpretazio Zentroan. Goizeko 11:00etan Projekta Urbeseko ordezkarien hitzaldia eskainiko da guraso eta senideentzat. Bestetik, Algorri zentroko hezitzaileekin haurrei zuzendutako irteera gidatua burutuko da 11:00etatik 13:00tara eta irteera honetan bidea ezagutzera emateaz gain, garraiobide iraunkorrak erabiltzearen abantailak landuko dira.

Irteeran parte hartzeko izena ematea gomendatzen da 943143100 telefonora deitu edo info@algorri.eus helbidera idatziz.