Zumaiako Eskola Bideak proiektuak aurrera jarraitzen du

2017/10/02

Eskola Bideak proiektuaren lehen eta bigarren frogak modu arrakastatsuan amaitu dira. Gero eta ikasle gehiago eta guraso gutxiago biltzen dira geltoki eta bideetan eta beraz, ekimenaren helburuak betetzen ari dira: ikasleak eskolara era aktibo eta autonomoan joan daitezela, taldeetan eta modu seguruan.

Ohitura osasungarriak bultzatzeaz gain, autoek eskola inguruetan sortu ditzaketen arrisku egoerak ekidin nahi dira horrela. Ekimenak ikasleen mugikortasun autonomoa bultzatu nahi badu ere, haur txikienak zaintzaileekin joan ohi dira. Ikasle hauek ere Bidea egitera eta taldean joatera ohitu daitezen.

Frogak amaituta ekimenak aurrera jarraitzen du ordutegi berrituekin. Horretarako, geltokietan ikastetxe bakoitzari dagozkion ordutegi berriak ipini dira eraikin bakoitzeko bidearentzat lurreko kolore berberak erabiliz. Hau da, Aita Mari eraikinerantz doazenak berdez, Sagarbiderantz doazenak urdinez eta Maria eta Joserantz doazenak gorriz.

Zalantzak argitu edota iradokizunak jasotzeko hurrengo helbidea sortu dute ekintzaileek: zumaiakoeskolabideak@gmail.com eta ikastetxeetako webguneetan ere proiektuari eta ibilbideei buruzko informazioa aurkitu daiteke.