ZUMAIAKO ESKOLA BIDEEN PROIEKTURAKO LOGO LEHIAKETAREN ERAKUSKETA ALONDEGIAN

2017/02/13

Herriko LH3 eta LH6 bitarteko ikasleek Zumaiako Eskola Bideak proiektuarentzat egindako logo eta lelo proposamenekin erakusketa egingo da Alondegiko Oxford aretoan otsailaren 14tik 23ra.

2015-16 ikasturtean hasi ziren Herriko ikastetxeak, Guraso elkarteak eta Udala ikasleen mugikortasun aktiboa eta segurua sustatzeko elkarlanean, Osasun Sailak helburu horrekin ematen dituen diru-laguntzei esker.

Proiekturako irudi bat sortzeko asmoz, Herriko LH3-6 arteko ikasleei zuzendutako logo eta lelo lehiaketa bat egin da. Ikasleek urtarrilean ikastetxeetan egindako lanekin osatuko  da erakusketa. Lehiaketa izanik, guraso eta adituez osatutako epaimahai batek aukeratu ditu logo eta lelo irabazleak. Otsailaren 17an, ostiralean, arratsaldeko 7etan emango da horien berri Alondegian bertan.

Erakusketan, haurren lanez gain,  proiektuaren inguruko hainbat informazioa jasoko da, Oxforden bertan egongo diren horma-irudi eta bideoen bidez. Eskola Bideen trazaketa proposamen bat ere egongo da eta bertaratuek proposamenari euren ekarpenak egiteko aukera izango dute. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatzen dituzte denon artean eskola bidea egitera.