ZUMAIAKO SAN TELMO KOFRADIAKO BENTALEKUA, EUSKAL HERRIAN GELDITZEN DEN AZKENA

2017/02/08

Joan den larunbatean Mutrikuko kofradia zaharrean gertatutako suteak Euskal Herriko azken bentalekua bilakatzen du Zumaiako San Telmo Kofradian dagoena.

Pasa berri den asteburuko albiste nabarmen eta tristeenetako bat izan da Mutrikuko arrantzaleen Kofradia zaharrean gertatutako sutea. Badirudi, larunbateko goizeko 04:30ak aldera, eraikinak su hartu zuela eta, zorionez inor zauritua izan ez den arren, kalte material ugari egon da.

Sutearen ondorioz kiskalita geratu da erabat eraikineko taberna eta honen gaineko Bentalekua museoa ere. Bertan zegoen kokatuta bentalekuaren makina, antzina arrain salmenta egiteko erabiltzen zen egurrezko makina, alegia. Horrek ondare galera handia suposatu du mutrikuarrentzat eta gertakari horren harira, Zumaiako Udalak bere nahigabea adierazi du. “Kostaldeko herriek arrantzaleengan dute bere jatorria, horregatik, horrelako eraikinek eta bereziki barruan jasotzen dituzten antzinako dokumentu eta tresnek, izugarrizko balioa dute, gure arbaso eta aitzindarien bizimodu eta historiari erreferentzia egiteaz gain, kostako herrien izaera jasotzen dutelako”, azaldu du alkateak, Oier Kortak. 

Udal artxiboan aurkitutako zenbait dokumentuen arabera, San Telmo Kofradia abian zen 1601. urterako, nahiz eta gaur egun oraindik ez den ezagutzen erakinaren sorrera data zehatza. Orduz geroztik, urteak aurrera egin ahala, Zumaiako eraikin historiko eta sinbolikoenetariko bilakatu da, urteetako historia, bizipenak eta dokumentu zein antzinako tresneria jasotzen dituena, alegia. Eta orain, asteburu honetako gertakariaren ondoren, Euskal Herrian gelditzen den bentaleku bakarra ere jasotzen du.  “Bentalekua toki bitxi eta polita da herritarrentzat, baita esanguratsua ere. Gure iraganari erreferentzia egiten dion makina da eta horrek egiten du hain baliotsu, gure herriko ondarearen parte garrantzitsu eta ukaezin bat delako” amaitu du alkateak, Oier Kortak.