Zumaiarrak ardatz hartuta, ongizate arloan inbertsio eta berrikuntza garrantzitsuak proposatu ditu udal gobernuak 2018ko aurrekontuetarako

2017/12/15

Datorren urteari begira guztira 13.642.820€ko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, iaz baino 675.781€ gehiago, hain zuzen. Horiek horrela, zumaiarren bizi kalitatea hobetu eta bermatzea lehenetsita, irisgarritasunari, ongizateari eta hezkuntza arloari loturiko proiektu eta programa berritzaile ugari proposatu ditu gobernu taldeak, besteak beste: Nagusien behatokia, San Joseko igogailua, Marianton parkearen estaldura, P. Etxezarretaren herritartzea, Gazte On programa… 2018an aurrera eramango diren proiektuekin zumaiarren kezka eta beharrei erantzutea da gobernu taldearen helburu nagusia.

Zumaiako udal gobernu taldeak aurkeztu du dagoeneko 2018ko aurrekontu proiektua. Horiek osatu eta lantzeko garaian kontuan izan ditu hauteskunde programan eta Plan Estrategikoaren barruan zumaiarrekin elkarlanean landutako proiektuak, baita, noski, urtean zehar eta bereziki azken hilabeteotan herritarrengandik jasotako ekarpen eta iradokizunak ere. “Azken bi urteotan bezala, aurrekontu proiektuaren bitartez, zumaiarren egungo behar, nahi eta eskaera zehatzei erantzutea da gure helburua eta horretarako gure asmoa izan da herritarren iritzi, ekarpen eta iradokizunak ezagutu eta horiek kontuan hartzea” adierazi du gobernu taldeak.  

Aurrekontu proiektua urtean zehar aurrera eraman nahi diren proiektu, egitasmo eta lan ildoak jaso eta zehazten dituen plangintza dela azpimarratu dute gobernuko kideek,  “kudeaketarako, planifikaziorako eta eguneroko jardunerako erabiliko dugun lan tresna, alegia” gehitu dute. Ildo horretan azken bi urteotako zuhurtasun printzipioari jarraipena emanez, udal baliabideak eraginkortasunez eta zuhurtziaz kudeatzeko aurrekontu proiektua landu du aurtengoan ere gobernuak.

Ildo horretatik, 2018an 13.642.820€ko aurrekontua izango du Zumaiak, iaz baino 675.781€ gehiago, besteak beste, Udalak herriko argiteria hobetzeko IDAEko mailegua lortu duelako, Foru Aldunditik diru sarrera handiagoa izango duelako eta kudeaketa on eta eraginkorraren emaitza gisa, gobernu taldeak, legealdi hasieratik hona (2015-2017), Udalaren aurrezki gordina igotzea lortu duelako. Azken bi horiei esker, 2018an, Udalak diru gehiago izango du inbertsioak egin ahal izateko.

Gizarte ongizatea, irisgarritasuna eta hezkuntza, 2018rako lehentasun nagusiak

Pertsonak eta kasu honetan zumaiarrak izanik gobernuaren eta udal jardunaren lehentasun nagusia, herritarren bizi kalitatea hobetu eta haien ongizatea bermatzea da helburua. Horretarako 2018ra begira ongizate arloan ekimen berritzaileak proposatu ditu gobernu taldeak eta bide horretan, arreta berezia eskaini die adineko pertsonei zein herriko gazte eta nerabeei.

Adinekoei dagokienean, 55.000€ko kontu saila jaso du gobernuak “Nagusien Behatokia” ekimen berria martxan jartzeko. Programa horren helburua da Zumaian bizi diren pertsona nagusien egoeraren azterketa sakona egitea, horrela adineko zumaiarren ezagutza integrala jaso, haien beharrak identifikatu eta horien arabera, gaur egun dauden zerbitzu eta prestazioak baloratu eta horiek momentuko zein etorkizuneko beharretara egokitzeko. Era berean, adinekoei Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuen berri ematea ahalbidetuko du.  Ildo beretik, adineko pertsonei zuzenduta “Memoria Tailerra” deituriko ekimena martxan jartzea proposatu du gobernu taldeak, adinduek memoria entrenatu eta lantzeko teknika edota ariketa ezberdinak landu ditzaten, gaitasun hori galtzen ez joateko helburuarekin.

Gazteei bideratuta, aldiz, jarraipena emango dio Udalak haien emantzipazioa bultzatzeko iaz sortutako “Alokairu Beka” laguntza programari. Ildo horretan, aurtengo eskaera mailari erreparatuz eta etorkizunean egon daitezkeenak aurreikusita, ekimen horri 2017an bideratutako 30.000€ko kontu saila bikoiztea proposatu du gobernu taldeak, zehazki 63.000€tara handitzea. Horrez gain, gazteei zuzendutako “Gazte On” ekimen berritzailea ere martxan jartzea planteatu du. Programa horren helburua da, ikastetxeen eta Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin lotutako auzo-lanetan inplikatu eta sentsibilizatzea eta aldi berean, gazteei haien helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak sustatu eta eskaintzea.

Horrez gain hirugarren ekimen bat ere proposatu dute gobernu kideek, “Atorgune”, aniztasun funtzionala duten lagunei zuzenduta. Helburua: asteburuko aisialdi talde bat sortu eta haientzat kultur edota kirol ekimen zein ekintzak garatzea.

Gainerako gizarte arloko laguntza, prestazio eta programei dagokienean, guztiak mantentzea da gobernu taldearen proposamena, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoa hartuta.

Hezkuntzari lotuta ere inbertsio garrantzitsuak planteatu dituzte gobernukideek, hain zuzen 122.500€ko kontu saila jaso du Sagarbide eraikineko parkea egokitu eta hezkuntza publikoko gainerako eraikinetan hobekuntza lanak egiteko. Ildo beretik, iaztik hona, herriko haur eskolen mantenura bideratutako kontu saila bikoiztu du gobernu taldeak. Halaber, datorren urtean zehar idatzi nahi ditu Aita Mari haur eskolako aterpea eraikitzeko proiektua (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin sinatutako akordioaren baitan jasoa) eta ondoko parkearen egokitzapenarena ere, eta horretarako kontu saila jasotzea ere proposatu du. Horrez gain, “Zumaiako curriculuma” deituriko ekimen berria garatzeko aurre lanak edota azterketa egiteko kontu saila ere jaso du gobernu taldeak aurrekontu proiektuan.

Bestalde, iaz Maria eta Jose ikastetxearekin sinatutako hitzarmena berritzea da gobernuaren nahia, udal ekintza eta herriak izan ditzakeen behar ezberdinetarako ikastetxeko azpiegiturak erabiltzen jarraitu ahal izateko. Eta hezkuntza arloari lotuta ere, orain arte bezala, antzerkia eskoletan lantzen jarraitzeko kontu saila jaso du datorren urteari begira.

Herri irisgarri eta jasangarria eraikitzea

Irisgarritasunari eta mugikortasunari lotuta, 2018an TAO sistemaren bigarren fasea martxan jartzea da udal gobernuaren asmo eta helburua, hau da, erregulazio sistema herri osora zabaltzea, horrela, trafikoa erregulatu eta egoiliarrak lehenesteaz gain, ibilgailuen erabilera egokia bultzatu eta zumaiarren artean garraio ohitura osasuntsuak sustatzen jarraitzeko. Ekimen horretara bideratu ditu, hain zuzen, 342.260€.  

Irisgarritasunaren ildo beretik, 2018ra begira “Irisgarritasun Programa” sortzea da gobernuaren proposamena, eta ekimen horretara bideratu nahi ditu, hain zuzen, 50.000€. Aipatu programa horren bitartez, elkarlan bideak jorratuz, Zumaiako Irisgarritasun taldeak identifikatutako irisgarritasun arazo edota beharrei erantzuna ematea da helburua. Horrez gain P. Etxezarreta eremua herritartzeko proiektua idazteko kontu saila ere jaso du gobernu taldeak.

Halaber, 2017an egindakoari jarraiki, datorren urtean ere garrantzi eta lehentasuna emango zaio auzoen irisgarritasuna hobetzeari. Horretarako San Jose auzoko igogailua eraikitzeko kontu saila jaso du gobernu taldeak, obrak 2018an hasi eta bukatzeko, alegia. Ildo beretik, Larretxon ere igogailua jartzeko proiektua idazteko partida jasotzea planteatu du.

Horrez gain, inbertsio garrantzitsuak proposatu ditu herriko puntu ezberdinetako saneamendua eta ur hornidura sarea berritu eta hobetzeko. Hain zuzen San Migeleko saneamendua egitea eta Santiagoko hondartzaren eremukoa gauzatzeko proiektua idaztea proposatu du. Ildo beretik, Txepetxako saneamendu sarea berritzeko eta Arritokietako ponpaketa sistema eta Juan Belmonte zein Ortiz kaleko ur hornidura sarea hobetzeko ere kontu saila jaso du gobernuak. 

Halaber, datorren urteari begira, herriko argiteria hobetzeko IDAEtik (Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energía) jasotako 504.219€ko mailegua izango du Udalak eta bide horretan, herriko sare elektrikoa hobetu, koadro elektrikoak eguneratu, hainbat argi doitu eta erregulatu eta beste hainbat LED teknologiadunengatik ordezkatuko ditu. Horrez gain, herriko puntu beltzei irtenbidea ematea lehenetsiko du gobernu taldeak. Gainera, aldaketa horiei guztiei esker, energia kontsumoa murrizteaz gain, urteko aurrezki garrantzitsu bat lortuko da. 

Kirol arloan, kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko bideari jarraipena emateko xedez, aurten ere kontu saila jasoko du gobernuak, baina oraingoan 90.000€ jaso ordez, 200.000€ bideratuko ditu aipatu lanetara. Era berean, Mariantonen jada kirol parkea eraikita, 2018ra begira jolas parke hori berritu eta estaltzeko kontu saila jasotzea proposatu du. Horrez gain, gainerako haur parkeen mantenurako partida bikoiztu du.

Eta Zumaiako Udalak euskararekiko duen konpromisoa berretsi eta indartze aldera, gure hizkuntza eta altxorra dena sustatzen jarraitzeko datorren urteari begira 2 programa berri jarri nahi ditu martxan: “365 egun euskaraz” ekimena eta “Euskararen historia soziala aztertzeko beka”. Horretarako Euskara saileko kontu saila %28.12 (9.000€) handitzea proposatu du gobernu taldeak.

Halaber, Zumaia parekideago eta berdinzaleago baten alde egiteko eta herritar orori aukera berdintasuna bermatzeko III. Berdintasun Plana osatzeko partida berria sortu du gobernu taldeak.

Tokiko zein bailarako ekonomia eta turismoa indartuz

Ekonomia eta enpleguak egungo gizartean eta bereziki Zumaia eta zumaiarren ongizatean zuzenean eragiten duela aintzat hartuta, legealdi hasieratik lehentasunezkoa izan da udal gobernuarentzat tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea. Ildo horretan, datorren urteari begira  bi lanpostu berri sortuko dira Udalean, udaltzaingoan ofizial orde postua eta kontuhartzailetzan teknikari mailako postu berri bat, alegia. Halaber, ludotekan ere langile baten lanaldia luzatzea aurreikusi da, bereziki hizkuntzarekin arazoak dituzten haurrekin lan egiteko, izan ere, urtetik urtera gero eta haur gehiago bideratzen baitira ludotekara zerbitzu hori jasotzeko.

Era berean, azken osoko bilkuran onartutako Arrisku Prebentzioaren Planaren garapenerako 50.000€ jaso ditu gobernu taldeak, orain arte ez baitu Udalak horrelakorik izan.

Turismoari dagokionean, Turismo Planaren garapenerako kontu saila ere jaso du gobernuak, Zumaiako balio eta baliabideak indartuko dituen turismoa bultzatze aldera, Plana amaitu eta noski, horri jarraipena eman ahal izateko. 

Horrez gain, 2018ra begira, 844.692€ko kontu saila bideratuko du Udalak UKUEra (Urola Kostako Udal Elkartea). Horren bitartez, besteak beste, euskara, turismoa edota tokiko ekonomia eta enplegua indartu eta sustatzeko ekimen eta programa desberdinak garatuko dira herritarrentzat eta era berean hondakin bilketa sistema berria ere martxan jarriko da.

Aurrekontuak abenduaren 28an egingo den Osoko Bilkuran onartuko dira eta horren harira, gobernuaren nahia da behin betiko dokumentua oposizioko talde guztiekin batera lantzea, aurkeztutako proiektua osatu eta hobetzeko eta zumaiarren beharretara egokitutako Etorkizuneko Zumaia eraikitzeko.