Erakusketa: Ttitto Aguerre

Noiz
Non
Oxford aretoa

Oxford aretoan, irailak 28-urriak 15

Irekiera irailak 28 osteguna, 19:00

Egunero zabalik, asteburu eta jaiegunak barne, 18:00-20:00 ordutegian

Naturari beha egon, materiak begiratu. Begiratu sakon. Materiaren zainaren bila joan, bere egia eta mugak sesitu, eta gordea den forma argitarat ekarri. Materia miatu, (hel)burua berriz aurkitzeko. Beti zerbait aurkitzen da. Intentzio grafiko bakoitza, materia ezberdinekin bat etorri daitekeela aurkitu. Miatu, eta sail eta pieza ezberdinak batera landu. Ibili, gelditu, eta ondotik berriz ibili. Miatu, ez lehen begiradan ikusten dena, baina materiaz haratago ikusten dena, hizkuntza ahalik eta arruntenean, norbera bere gogoeten jabe jartzeko.

Zizelketa bakoitza, erabaki andana baten ondorioa da ; hartutako erabaki bakoitzak emaitza moldatzen du. Gauzek itzulbiderik ez dute, materia behin-betiko kentzen delarik ; ez da berriz gibelka etortzen ahal. Zentzu horretan da zizelketa burtzoragarria den barne-barneko esperientzia. Espresio modu berezia den zizelkaritza praktikatzen dut, eta honen partekatzea erabaki dut. Barnakorra eta konplexua den esperientzia bat da, kontzientzia egoera berezi batean murgilduta, zure burua egoera ezinago harkorrean jartzea erabakitzen duzun pundutik.
Zizelkatzea, formari, naturari eta gizakiari zentzu ematea da, materiaz eta norberaz haratago ikusten ahalegintzea, eta zabal ikusten ahalegintzea gizadiaren sakontasuna galdezkatzeraino.

Naturarekin eta munduarekin dugun gure hartu-emanean, fisikoak edo psikikoak diren mugak egun orotakoak dira. Mugen inguruan itzulinguruka ibiltzeak ez du etenik.

Hertsagarriak edo ez, baina beti egituratzaileak, errealak edo
irudikatutako mugak, aldi berean hasiera eta bukaera dira, posible dena eta debekatutakoa, gerizatzaile edo kontra jartzaile. Jatorriz zentzu bikoitzekoak dira mugak, aldi berean mugatzaile, debeku direlako, baina paradoxazkoa bada ere, baimen ere dira, justuki debeku direlako.

Begi bistakoak izan edo ez, mugak, gure baitan daude gehienak.

Ttitto Aguerre