Done Jakue bidea

Zarautz - Getaria - Zumaia - Deba (Gipuzkoa)

Jaitsi hemen kmz fitxategia

Ostatua

Km 0 ZARAUTZ. Herrigunea atzean utzita, 100 metro inguru egingo ditugu GI 2633 errepidean, Meagarako norabidean. Eskuinean Aldapetako aldapan gora joango gara, antzina Getaria eta Zarautz lotzen zituen galtzadan. Ezkerrean Vista Alegre auzoa utziz, gora egingo dugu eskuinean geratzen den gain batean Santa Barbara ikusten dugularik. Zementuzko errepide zati bat egin ondoren, galtzadan gora jarraituko dugu Getaria ikusten dugun arte. Mahatsondoz inguratutako asfaltozko bidean aurrera eginez GI 3391 errepidera iritsiko gara. Behera joango gara herrirantz, eta hilerriaren ondotik pasako gara. Bihurgune itxi baten ondoren errepidea utziko dugu eta Loramendiko aldapa jaitsiz Getariako udaletxearen aurrera iritsiko gara.

Km 4,2 GETARIA. Herrerieta kalean zehar igoz herria utziko dugu eta Askizura doan galtzada hartuko dugu, Gaintza eta Agerretxiki baserrien ondotik pasaz. Azken baserri honen eskuinean berriro galtzara hartuko dugu eta 500 metro inguru egin ondoren, GI 3392 errepidearekin topo egin eta jarraitu egingo dugu Askizura iritsi arte.

Km 6,4 ASKIZU. San Martin elizatik abiatuko gara Arano baserrira daraman bidetik. Han bidegurutze batekin topo egingo dugu eta eskuineko bidea aukeratuko dugu. Hasieran bidea laua da baina bat-batean jaisten hasten da eta aurrean Zumaia agertuko zaigu. Eskuinean Orroagako senadia utziz N 634 errepidera iritsiko gara eta gurutzatu egingo dugu, ezkerrerantz jarraituz. Santiago ermita eta Zuloaga museoaren ondotik igarotzen den pasealekuan aurrera eginez Urola ibaiaren gainean eraikitako oinezkoentzako zubia igaro eta eskuinean Itsas Kiroldegira jaisteko dagoen eskailera jaitsiko dugu Gernikako pasealekuan aurrera egiteko. Pasealekuaren amaieran beste oinezko zubia igaroko dugu, Narrondo ibaiaren gainetik, eta oinezkoentzako pasabidea igaro ondoren, Angeles Sorazu kalea eta aldapa igo eta kale Nagusian gora jarraituko dugu Zumaiako udaletxearen aurrera iritsi arte.

Km 9,5 ZUMAIA. Udaletxea eskuinean utziz Arritokieta kalean gora egingo dugu izen bereko ermitara eta hilerrira iritsi arte. Asfaltozko errepidean gora jarraituz lortuko dugun altuerari esker Zumaiaren nahiz kostaldearen ikuspegi hobezina izango dugu bidetik. Errepidea jarraituz Andikara (Zahar eta Berri) baserrien ondora iritsiko gara. Errepideak ezkerrera egiten duenean zuzen jarraituko dugu gorantz doan bidean (puntu honetan GR 121 ibilbidea markatzen duten ikur zuri-gorriak jarrai ditzakegu). Gain batera iritsi ondoren bideak beherantz egiten du eta Galarreta aisialdirako gunera iristen da. Ondoren, asfaltozko errepidea jarraituko dugu Elorriaga auzoko San Sebastian ermitara iritsi arte.

Km 13,1 ELORRIAGA. Errepidea jarraituko dugu N 634 errepidearekin topo egin arte. Haren beste aldera igaro eta aurrean dugun asfaltozko errepidea hartuko dugu. Aldapa handi baten ondoren gainera iristean eskuinera egingo dugu 200 metro egin ondoren berriro utziko dugun zementuzko bide batetik. Eskuinean agertzen den lurrezko bidea hartu eta Zubeltzuzar baserrira iritsiko gara. Ondoren berriro eskuineko bidea hartu eta berriro N 634 errepidera iritsiko gara. Bertan 400 metro inguru ibiliko gara, Santuarango bentaren ondotik igaroz eta A-8 autopistaren gainetik igarotzen den zubia igaroz. Gure bidearen eskuinean geratzen den harrobiaren aurreko zementuzko pista hartuko dugu eta beste zementuzko pista batekin topo egin arte beherantz joango gara. Ezkerrera egingo dugu (une honetan PR GI 45 ibilbidearen ikur zuri-horiak jarrai ditzakegu) Usaberartza baserriaren aurretik dagoen bihurguneraino. Lepo bat igaro ondoren, berriro N 634 errepidean utziko gaituen bidea hartuko dugu. Errepidea igaro eta GI 3210 errepidea hartuko dugu gorantz. Kanala Hotelaren inguruan utziko dugu, eskuinera igoz Itziarko herriguneraino.

Km 18,3 ITZIAR. Itziarko amabirjinaren elizaren aurretik igaroz hilerrira iristen den zementuzko bidea hartu behar da. Bidea beherantz jaisten hasiko da eta Antsorregi baserrien bidegurutzean aurrera jarraituko dugu Ollokiko bidegurutzeraino. Han ezkerrera hartu eta etengabe beherantz jaisten den bide aldapatsua hartuko da. San Roke ermita ezkerrean utzi eta 100 metrora eskuinean agertzen den galtzada zaharra hartu behar da Debako udaletxera iristeko (21,3 Km).