Itsaslabarrak eta hondartzak

Itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea

Zumaiako Itzurun hondartzatik Debaraino, formazio geologiko ikusgarria ditugu: geruza bertikalak itsasoaren gainean, paisaia magiko eta paregabeak. Mareak labarren behealdetik atzera egiten duenean, urradura plataforma handia geratzen da agerian, itsasoaren etengabeko higaduraren lekuko, eta bizitza modu ugariren jagole.

Aurreko bi hondartzak baino ezezagunagoa den arren, flysch horietan bertan, baina gordeago eta atzerago, Algorri izeneko hondartza dugu. Hondar gutxi eta haitz ugariko txokoa da, eta urez estaltzen da marea igotzen den bakoitzean. Hura ikusteko besterik ez bada ere, merezi du bertaraino joatea; batik bat, udan, eguzkia Matxitxakoren aurretik itsasoan ezkutatzen denean.


Itzurun hondartza

Kantauri itsasora zabaltzen da Itzurun hondartza, nabigatzaileen zaindari den San Telmori gurtzen dion ermitaren gerizpean. Geruza bertikal ikusgarriak ditu inguruan eta ISO 14001 ziurtagiriak eskaturiko baldintzak betetzen ditu. Hondartza honetako hondar ilunetatik kostaldearen ikuspegi zabala dugu, Bizkaiko kostatik hasi eta Matxitxakoraino. Diotenez, Itzurungo hondarra eta ura oso onak dira osasunerako, iodo asko baitute.

Itzurun hondartza, Zumaia

 

Santiago hondartza

Urola ibaia itsasoratzen den lekuan dugu Santiagoko hareatza; historia luzekoa dugu, eta olagizonen ohiartzunez inguratua suma dezakegu. Ezinbesteko atsedenlekua izan zen Donejakue bidearen kostaldeko adarrean.

Egun, hareatza handiak eta ur lasaiak eskaintzen dizkigu Santiagok. Hondarrak itsasoari lekua jaten dion neurrian, dunak ugaritu egin dira, eta 50 espezie baino gehiagoren bizileku den ekosistema osatzen dute.

Santiago hondartza, Zumaia