Mendi ibilbideak

(Oinezko ibilbideak planoa PDF-an)

GR - 121 Zumaia-Deba

Gero eta jende gehiagok egiten duen txangoa da; izan ere, Euskadiko kostaldeko lekurik zoragarri eta interesgarrienetakoa da. Ibilaldi honetan GRaren marka zuri-gorriei jarraitu besterik ez dago. Ibilbidea edozein noranzkotan egin daiteke, baina guk Debara trenez joan eta Zumaiara oinez itzultzea proposatzen dizugu. Ibilbide honetan, kostaren gaineko hainbat talaiarekin egingo dugu topo, lehendabizikoa Santa Katalinako ermita. Ibilbidearen erdi aldera, merezi du GR aldi baterako utzi eta Mendatagaña eta Sakonetako itsaslabar handi-handiak ikustea. Zumaiako turismo bulegoak, aldian-aldian, ibilaldi gidatuak egiten ditu Deba eta Zumaia artean.

Luzera: 15 km. (4h.45min) (Download KML)

 

GR - 121 Zumaia-Zarautz

Kostaldeko bi herri hauek ibilbide atsegin eta eroso bat eginez lot ditzakegu, bi herri horietatik barrena kostalde partetik doan GR-121 bidezidorrari esker. Euskotren konpainiak nahiz autobus konpainiak eskaintzen duten zerbitzuarekin osatzen badugu, azkar itzul gaitezke gure abialekura. Ibilbide honetan Gipuzkoako kultur paisaiarik berezienetako bat izango dugu lagun, hots, txakolinetarako mahastiek eskaintzen digutena, sarritan itsas bazterrean ere topatuko ditugunak eta inguru honi ospe handia ematen diotenak.

Zumaiako Narrondo ibaiaren gaineko oinezkoen zubitik abiatu ondoren, itsasadarra inguratu beharko dugu Zuloaga museoaren aldamenean, eta bertan ekingo diogu Askizu aldera eramango gaituen aldapari. Ibilbidea ongi markatuta dago, eta beraz, GR bideetako marka bereziei erreparatu besterik ez dugu izango. Ibilbidea, gainaldera iritsi ondoren, kostaldeko erlaitzean barrena doa; erliebe hori nagusituko zaigu Bidasoaren bokaletik hasi eta Gipuzkoako kostalde osoan. Poliki-poliki gora eginez,  berehala ikusiko dugu Getariako erliebea beheko partean, baita San Anton mendi nabarmena ere. Garatemendi tontorrean, gure ibilbideko punturik garaienean, III. Gerra Karlistako (1871-1876) gotorleku baten hondakinak ikusi ditzakegu; karlisten gudarosteak eraiki zuten Getaria bonbardatzeko, hura liberalen esku baitzegoen. Artelatz-basotxoak eta zuhaitz bakanak, Mediterraneo aldeko Europan oso ugariak izan arren oso bitxiak dira gure latitude hauetan. Antzinako klima-baldintzak egungoak bezalakoak izan ez zirela frogatzen duten lekukoak dira. Ibilbidearen azken partean galtzada-harrizko tarte batzuk izango ditugu, eta Zarautzera eramango gaituen azken jaitsiera baino lehen, Santa Barbara ermitaren ondotik igaroko gara; toki horretan une batez bidetik urruntzea merezi du, Zarauzko badiaren eta kostaldearen ikuspegi paregabeekin gozatzeko.

Luzera: 9 km. (2h.) (Download KML)

GR-286 Araindarri: Zumaia - Loiola

Zumaiatik Arantzazura doan mendi Ibilbide Luze (GR) honek Euskal Kostaldeko Geoparkea Aizkorri-Aratz Natur Parkearekin lotzen du, Izarraitz KBEa ere gurutzatzen delarik. Harriarekin duen harremana eta harri horiek sortzen duten zirrara dira bide honen ezaugarri nagusiak: Flyscheko, Ekaingo, Izarraitzeko eta Aizkorri-Aratzeko harriek aspaldiko garaien oihartzunak dakartzate; Loiolako santutegiko, Antio baselizako eta Arantzazu santutegiko harriek, berriz, haraindiko hotsak; eta Mirandaolako eta Brinkolako burdinola-errota guneetako harriek, azkenik, garai bateko industriaren zalaparta.

Luzera: 25 km (8:45h) Informazio gehiago hemen.

 

Talaimendi - Algorri

Ibilbide honek aukera paregabea ematen digu Zumaiatik gertueneko itsaslabarrak ikusteko. Altxor geologiko apartak dira, jende gutxik ezagutzen dituenak, baina sekretu liluragarriak dituzte. Egokiena ibilbidea itsasbeheran egitea da, aldi horretan agerian geratzen den marearteko zabalgune zabala ikusi ahal izateko. Ibilbideak gora egiten du Talaimendiraino, Itzurun hondartzaren gainaldetik joan, eta itsaslabarren gailurrak zeharkatzen ditu Algorriko puntaraino. Ibilbideko gauzarik nabarmenena haitzen egitura da. Hostopil itxurako egitura da, flysch izenekoa, elkarren segidan doazen geruza gogor eta geruza bigunez osatua. Geruza horiek duela milioika urte sedimentatu ziren antzinako itsaso sakon-sakon batean, eta plaka tektonikoen mugimenduen eta talken ondorioz azaleratu dira. Itsasoak agerrarazi du egitura: olatuek, labanak bailiran, haitzen aurrealdea moztu eta urradura plataforma horizontal bat eratu dute, eta, ondorioz, itsaslabar bertikal bat, olatuek ekiten duten mugan. Algorrin, geruzen artean, 65 miloi urte sortutako geruza bat dago, eta garai hartan Lurrarekin talka egin zuen meteorito baten partikulak ditu. Dirudienez, talka horrek eragin zuen planetako espezieen bosgarren desagerpen handia. Inguruneari eta horren geologia interesgarriari buruzko informazio gehiago izateko, egokiena Zumaiako turismo bulegoak horretarako propio antolatzen dituen bisita gidatuak egitea da.

Luzera: 4 km (1h.)(Download KML)

 

Zumaia - Artadi - Askizu

Ibilbide erraza da, oso bista ederrekoa. 200 metroko altueraraino iristen da eta txakolina egiteko mahastiak zeharkatzen ditu. Ibilbidearen lehen zatia Artadirako errepidetik doa, baina ez dauka eragozpen handirik: azkar egiten da, ez dauka trafiko askorik eta artadi eder bat zeharkatzeko aukera ematen du. Artadi utzi eta minutu batzuk geroago, bideak gora egiten du berriro. Laster, Garategañara iristean, bista paregabeak izango ditugu: Oikia, Urola ibarra, Izarraitzeko mendigunea, Indamendi, eta inguruko beste zenbait mendi. Artadi kantauriarra atzean utzi, eta berehala, txakolin mahastiak nagusituko zaizkigu. Izan ere, gero eta mahasti gehiago dago Getariako inguruko kostaldeko gune honetan eta beste zenbaitetan. Ibilbidea irailean edo urrian egiten badugu, mahats-bilketa ikusi ahal izan dugu. Ibilbideari jarraituz Askizuko auzora iritsiko gara. Bueltako ibilbide guztian zehar Zumaiako bista zoragarriak izango ditugu, eta leku pribilegiatuan kokatuta dagoela ohartuko gara.

Luzera: 9 km. (Download KML)

 

Zumaia - Elorriaga

Ibilbide honek duen bertuterik handienetako bat, hain zuzen ere, Zumaiako parajerik ederrenetako batzuk ikusteko aukera eskaintzea da, esate baterako, Urola itsasadarra, Elorriaga aldera ditugun muino leun eta baserriak eta, azkenik, itsaslabar harrigarriz jositako kostaldea. Ibilbideari GR 121 ibilbide homologatua jarraituz ekingo diogu.Gora eginez, ingurune polita izango dugu ikusgai: han-hemenka baserriak dituzten mendi muino biribilak. Bideak gora egiten du Elorriagaraino. Baserri kutsuko landa-ingurune honetan, San Sebastian ermita txikia bisita dezakegu, baita mokadutxo baten bidez indarrak hartu ere bertako tabernan. Hemendik SL-GI 5002 ibilbidea jarraituz itzulia egiten da, pixkanaka itsasora hurbilduz inguru leunak dituen paisaiatik barrena; horiek bat-batean amaituko dira itsaso zabalaren behatoki diren itsaslabar ikusgarrietan.  Berriro Elorriagara itzuliz ondoren bide beretik itzuliko gara Zumaiara.

Luzera: 9,1 km. (Download PDF SL-GI 5002 + GR-121)

 

Zumaiari bira

Zumaiako Indamendi elkarteak urtero egiten duen “Zumaiari Bira” ibilbidean oinarrituta dago. Oso ibilbide erosoa da, zementuzko eta asfaltozko bideetan zehar doa gehienbat, eta ezin hobeto biltzen ditu kostaldearen eta barnealdearen alderdirik erakargarrienak.

Ibilbidean zehar bi aldiz gurutzatzen da Urola ibaia, eta zenbait landa auzo zeharkatzen dira: Artadi, Oikia, Ibañarrieta eta Elorriaga. Mendi eta baserri ingurunea zeharkatzen ditu, eta guk erlojuaren orratzen norabidean egitea proposatzen dugu. Hasiera eta amaiera beste bi ibilbideren berdinak dira: horregatik, 4. ibilbideko argibideei jarraitu behar zaie Artadiraino iritsi arte; eta, azken zatia, berriz, 3. ibilbideko argibideei jarraituz egin daiteke Elorriagatik Zumaiaraino.

Ibilbide hau mendiko bizikletan ere egin daiteke. Dena den, erosoago izan dadin, ibilbidea hemen proposatutakoaz bestelakoa egin daiteke bi zati txikitan: erdibidean, hobeto da Arroara joan eta geroxeago hortik jarraitzea; eta ibilbidearen azken zatian, zuzenean Zumaiara doan pista asfaltatuari jarrai dakioke.

Luzera: 18,5 km. (Download KML)

 

Donejakue Bidea: Askizu-Deba

Askizu, Zumaia, Itziar eta Deba lotzen dituen ibilbidea garai bateko Kostako Bidean barrena
doa gehienbat, XIX. mende amaierara arte herri horiek lotzen zituen bidean barrena, alegia. Gaur
egun ongi seinaleztatuta dago; izan ere, mugarriak ditu, baita geziak ere bidegurutzeetan, eta,
beraz, erraz egin daiteke. Ibilbide osoa lau ordu eta erdian egin daiteke. Era berean, bide egokia
da mendi bizikletaz ibiltzeko.

Zarautz eta Getaria zeharkatu ondoren, Askizu da Kostaldeko Done Jakue Bideko hurrengo leku
garrantzitsua. Herrigune txiki horretan, aipagarria da erromesen eta ibiltarien zaindaria den
Tourseko San Martinen tenplua. Eliza horren lurraren azpian Goi Erdi Aroko tenplu baten aztarnak
aurkitu dituzte, Gipuzkoan orain arte aurkitu den garai hartako zaharrenetako bat izanik.
Zumaia aldera jarraituz, kostaldearen eta Urola itsasadarraren bista bikainez gozatu ahal izango
dugu. Zumaian, Santiago ermitak eta erromesen garai bateko ostatuak egingo digute harrera.

Garai batean, han ez zegoen zubirik eta erromesek atsedenalditxo bat egiten zuten itsasadarraren
beste aldera eramango zituen txaluparen zain geratzen ziren bitartean. Ignacio Zuloaga Eibarko
pintoreak eraikin horiek eta inguruko hareatzak erosi zituen, bertan bere estudioa jartzeko, eta
1921ean, bere izena duen museoa jendearentzat ireki zuen, bere arte-bilduma pribatua erakusteko.
Itsasadarraren beste aldean, Urolaren paduraren gaineko muino txiki batean, monje agustindar
talde batek Santa Mariaren zaintzapeko monasterioa sortu zuen, Orreagako Ordena Ostalariko
monjeak ziren, eta monasterio haren inguruan sortu zen Zumaiako herria. Done Jakue bidea
hirigune zaharrean barrena igarotzen da. Bide hori garai batean Debara zihoan galtzadaren
lekukoa da.

Arritokietako ermitan amaitzen da herria, eta hainbat muino igota Elorriaga
auzora iritsiko gara. Bertan, San Sebastian ermita zaharra dago. Handik, bidea N-634 errepideko
bidegurutzeraino jaisten da. Errepidearen beste aldetik, goranzko pista hartuko dugu. Otakor
mendiaren ertzetik doan bideak A-8 autopistako zubira eramango gaitu. Handik, 400 bat metroko
tartean, errepidearen ezkerraldetik ibiltzea komeni da, eskuinerantz doan porlanezko pistaraino,
Itziarrera joateko.

Itziarreko Santutegia Done Jakueko euskal bideko beste leku garrantzitsu bat da; izan ere,
bertako Ama Birjina Gipuzkoako zaharrenetako bat da, eta garai bateko erromesek Santiagora
iritsi arte babesten zituela uste zuten, bidean gaixotasunik ez izateko. Santutegia pasata, galtzada
zahar baten gainean eraikitako pista hartu behar dugu Debara jaisteko. Bidean bera garai bateko
basoaren arrasto diren arteak ikusiko ditugu. Donibane baserria iragan ondoren Santa Katalina
ermitara daraman desbideratzeko bidea har daiteke, bertatik kostaldeko ikuspegi bikainaz gozatu
nahi badugu. Bide nagusiari eutsi nahi badiogu, San Roke ermitara iritsiko gara berehala, baita
gure hurrengo helmugara ere: Debara.

Luzera: 15 km. (Download KML)

Herri-bideak Zumaian

Historian zehar Zumaia inguruetako beste herriekin lotu duten oinezko bideak berreskuratu eta seinaleztatu ditu Zumaiako Udalak.

Jarraian duzun mapa honetan bide horien inbentarioa egiten da eta jarraitu beharreko seinale motaren adibide bat ere ikusiko duzu bertan.

Beste kolore batean bide horiek beste udalerri batzuen lurretan duten jarraipena ere ikus daiteke, ibilbide luzeagoak egin ahal izateko.

Jaitsi hemen pdf dokumentua.

ZUMAIA-HERRI BIDEAK_2022_page-0001.jpg

ZUMAIA-HERRI BIDEAK_2022_page-0002.jpg