ABIAN DA ZUMAIAKO TURISMO PLANA

2017/06/06

Planak helburu du azken urteotako turismo eta bisitarien gorakada kudeatu eta Zumaiako balore eta baliabideak bermatuko dituen turismo eredua zehaztea. Gaiaren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak ezagutze aldera, zumaiarrei zuzendutako galdetegia argitaratu du Udalak udal aldizkari zein webgunean eta herritarrek hilaren 30a arte izango dute hori betetzeko aukera.

Azken urteotan turismoak nabarmen egin du gora EAEn eta gorakada horrek noski, Zumaian ere izan du eragina. Gure herriak, baliabide aniztasun handiko herria izanik, ehunka bisitari erakartzen ditu urtero eta iazko datuei erreparatuz, 2016an %18 inguru hazi da turismo bulegora gerturatu den bisitari kopurua.

Igoera horren aurrean, iazko aurrekontuetan Turismo Plana garatzeko kontu saila sortu ostean, martxoan ekin zion Udalak, Translokal enpresarekin elkarlanean eta Igor Calzada Doktorearen zuzendaritzapean, dokumentua osatzeari. Plan horren helburu nagusia da, hain zuzen, azken urteotako turismo eta bisitarien gorakada kudeatu eta jasangarritasunaren harira, Zumaiako balore eta baliabideak bermatuko dituen turismo eredua definitzea. “Udal honek, gure ondarean, hizkuntzan eta kulturan oinarritutako turismo baten alde egiten du eta ildo horretatik, Zumaiak eskaintzen dituen baliabide eta balore aniztasun horiek indartu eta bermatzea da gure helburu eta lehentasun nagusia”, azaldu du Jon Iraolak, kultura eta turismo zinegotziak.

Bide horretan, ordea, Udalak ezinbestekotzat jo du herritarren iritzi zein ekarpenak ezagutzea eta horiek aintzat hartuta, etorkizunera begira Planak definitutako turismo eredu hori bermatuko duten ildo nagusiak zehaztea. Horretarako, herritarrei zuzendutako galdetegia argitaratu berri du udal aldizkari zein webgunean eta zumaiarrek hilaren 30a arte izango dute hori betetzeko aukera. Aldizkariko inkestari dagokionean, Alondegian, turismo bulegoan eta udaletxean jarri diren gutunontzietan utzi ahal izango dute galdetegia beteta.

Horrez gain, aste honetatik aurrera, ostiralero, 16:00-19:00 bitartean, Translokal enpresako kide bat egongo da turismo bulegoan galdetegi edo Planaren inguruko zalantzak argitu, laguntza eskaini edota herritarren iritzi zein ekarpenak jasotzeko.

Turismo Planaren garapena

Esan bezala, aipatutako Plana, turismoaren kudeaketa eta planifikaziorako lan tresna baliagarria izango da Udalarentzat eta dokumentua urtebeteko epean osatzea aurreikusi du Translokal enpresak.

Plana hiru fasetan garatuko da. Lehen fasean momentuko errealitatearen inguruko azterketa eta diagnosia burutuko du enpresak, Zumaiaren egungo egoera zein den ezagutu eta dokumentua egungo testuingurura egokitzeko. Horren baitan datu akademikoak bildu, talde eragileak identifikatu edota eskualdeko turismo mota ezberdinak aztertuko ditu, besteak beste. Diagnosia hilabete amaierarako osatzea aurreikusi dute enpresa kideek.

Fase honetan lagungarri izango dira ere herritarrek betetako galdetegiak eta gaiaren inguruan jasotako ekarpen, iritzi eta proposamen guztiak.

Behin diagnosia amaitzean, bigarren faseari ekingo dio irailean Udalak: laborategi parte-hartzaileak. Etapa berri horretan, bi lan saio burutuko ditu herriko ekosistema turistikoa osatzen duten eragileekin, hau da, politikari, enpresa eta eragile, akademiko, ekintzaile eta, noski, herritarrekin. Lan saio horiek helburu dute ikuspuntu eta ikuspegi desberdinak ezagutzea, Zumaia eta zumaiarren egungo beharretara egokitutako dokumentua osatzeko. Lan saioak irailean eta azaroan egingo dira eta enpresa kideak jarriko dira aurrez harremanetan parte-hartzaileekin.

Hirugarren eta azken fasean, aldiz, behin-betiko dokumentua osatuko da. Bertan etorkizunera begira jorratu beharreko lan ildo eta ardatz nagusiak definituko dira, betiere, Zumaiako baliabide eta baloreetan oinarritutako kalitatezko turismo eredua indartuz. “Planaren bitartez, nondik gatozen eta nora iritsi nahi dugun definituko dugu, eta horri helduko diogu gainerakoengandik bereizten gaituzten eta Zumaia aparteko egiten duten baloreak ezagutarazi, indartu, babestu eta bermatzeko”, amaitu du Iraolak.