Kiroldegi alboko padel pista estaliak erabilgarri daude dagoeneko

2019/04/05

Estalkia jartzeaz gain zenbait hobekuntza egin dira, paretak leundu eta neurriak araudira egokitzeko. Bazkideek aste beteko epearekin egin ahal izango dute pistak erabiltzeko eskaera eta bazkide ez direnek egunean bertan, bi kasuetan kiroldegian.

Erabilgarri daude dagoeneko kiroldegi alboko padel pista estaliak. Estalkia jartzeko lanak egun gutxitan egin baziren ere, hormetan zenbait hobekuntza egin dira, batetik, hauek leuntzeko eta, bestetik, neurri ofizialetara egokitzeko. Horrela, padel pistaK estaliak izateaz gain, orain neurri ofizialetara ere egokituta daude. Oraindik ere azken ukitu batzuk falta badira ere, erabilgarri daude, beraz.

Orain aste batzuk iragarri zen bezala, kirol instalazioen erabilera arautzeko eta erabiltzaileen beharretara ahalik eta egokien moldatzeko, galdetegi bat prestatu zen eta hainbat ekarpen jaso dira. Horiek aztertzen dabil Kirol Patronatua eta azterketa amaitu ostean, batzorde batean onartuko ditu erabilera arau  berriak. Bien bitartean, bazkideek aste beteko epearekin egin ahal izango dute pistak erabiltzeko eskaera eta bazkide ez direnek egunean bertan, bi kasuetan ere kiroldegian.