“Ongi etorri euskararen herrira” proiektua aurkeztuko dute Fitur Nazioarteko Turismo Azokan

2020/01/22

Ostiralean aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara ardatz duen proiektu turistikoa. Gaur, hilak 22, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Esti Irureta Turismo teknikaria Madrilen izan dira, Urola Kostako Udal Elkarteko eta Geoparkeko ordezkariekin batera.

Gaur abiatu da Fitur Nazioarteko Turismo Azoka, Madrilen. Turismo alorreko erakunde, enpresa eta eragile ezberdinak biltzen dituen azoka da Fitur eta bertan izan dira Zumaiako ordezkariak ere.

Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearekin eta Esti Irureta Zumaiako Udaleko turismo teknikariarekin batera bisitatu dute azoka Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko zuzendariak, Geoparkeko ordezkariek eta eskualdeko hainbat alkate eta teknikarik. Haiekin izan dira Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko Sustapen ekonomikorako, turismoko eta landa garapenerako diputatua; eta Iker Goiria Aldundiko turismo arloko zuzendaria, besteak beste. Turismoaren arloan lan egiten duten zumaiarrekin ere elkartu dira ordezkariak.

Euskararen herria

Aurkezpen ugari izan ohi dira Fitur Azokan, eta aurtengoan, Urola Kostan azken urteotan elkarlanean landutako proiektua aurkeztuko dute: “Ongi etorri euskararen herrira” egitasmoa. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera landu dute proiektua eta helburua euskararen berezitasuna balioan jarri eta honakoaren erakargarritasun turistikoa indartzea da.

Proiektua Gipuzkoako Aldundiari aurkeztu ostean, honakoak bere gain hartu du egitasmoa, Urola Kostan proiektu pilotu moduan abiatzeko. Hala, Gipuzkoako eskaintza turistikoaren baitan aurkeztuko dute aurtengoan “Ongi etorri euskararen herria”. Ostiralean, hilaren 24an, goizeko 11:30ean izango da aurkezpen saioa.