2020ko aurrekontu-proiektuaren irizpide eta proiektu nagusiak aurkeztu ditu Udal Gobernuak

2019/11/22

2020. urterako 14,5 milioi euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du Udal Gobernuak. Ostolazak azaldu duenez, “Zumaia bizitzeko herri bilakatzeko helburua duen legealdiko lehen urratsa” izango dira martxan jarriko dituzten proiektuak.

Iñaki Ostolaza alkateak, Arantxa Gajate Ogasun zinegotzian eta Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziak aurkeztu dituzte aurrekontu-proiektuaren irizpide eta proiektu nagusiak.

Alokairu politikak sustatzera 100.000 euro bideratuko dituzte; Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako partida %53an igoko dute, pentsionisten eskaerei erantzuteko; eta Komentuko Kultura Topagunea martxan jartzeko lehen pausuak egingo dituzte, besteak beste.

Ostolazak azaldu duenez, “zumaiarren bizi-baldintzak hobetzeko; Zumaiaren garapenean sakontzeko; eta Zumaia bizitzeko herri bilakatzeko izatea nahi duten legealdiaren lehen urratsa” izango da 2020ko aurrekontua.

Aurrekontuen onarpen prozesua

Aurrekontuak teknikariekin batera landu ostean, aste honen hasieran aurrekontu-proiektua oposizioko taldeei helarazi die Udal Gobernuak, eta datozen asteetan Batzorde bakoitzean landuko dituzte aurrekontuak. Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azaldu duenez, Gobernu Taldeak abenduaren 12an onartu nahi ditu aurrekontuak, “urte hasierarako indarrean egon daitezen”. “Pozik” daude ordenantza fiskalak aho batez onartu izanaz. “Berri ona” dela diote, eta aurrekontuei begira ere “elkarlanerako borondatea” dutela azaldu dute.

Gajateren arabera, Udal Gobernuaren helburua “aurrekontuetan proposatutako guztia exekutatzea izango da, hori delako borondate politikoa praktikara eramatearen erakuslea”. Aurrekontuak osatzeko kontutan hartu dituzten irizpide nagusiak honakoak izan dira: “arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak izatea, zuhurtasun printzipioa oinarrituak  eta egingarriak izatea”. 

2020. urterako 14.548.768,95 euroko aurrekontu-proiektua aurkezten du Udal Gobernu Taldeak. 13.791.040,95 euro Udalaren aurrekontu propioari dagozkio eta 1.329.728 eur Kirol Patronatuari. 2019koekin alderatuz, % 0.63ko igoera izango da: 90.787,95 euro gehiago, zehazki.

Proiektuak:

Aurrekontuen inguruko irizpide teknikoak azaldu ostean, 2020an martxan jarriko diren obra eta proiektuak azaldu dituzte Iñaki Ostolaza eta Maider Alberdik, lan-lerro desberdinetan kokatuta.

Hirigintza eta espazioen egokitzapenak

Herritarren parte hartzearekin osatuko den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak zehaztuko ditu datozen urteetarako irizpide nagusiak, lurralde antolamenduari dagokionez.

Ostolazak azaldu duenez, “legealdi hau bereziki garrantzitsua izango da etorkizuneko Zumaia diseinatzeko orduan”. Izan ere, “agintaldi honetako ekimen estrategiko nagusiena" Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzea izango da. Herritarren parte hartzearekin berrituko den Plan Orokorrak zehaztuko ditu datozen urteetarako Zumaiaren irizpide nagusiak, lurralde antolamenduari dagokionez.

Horregatik, 2020a hainbat proiekturen azterlanak egiteko aprobetxatuko dutela adierazi du Zumaiako alkateak, hurrengo urteetan proiektu horiek martxan jarri ahal izateko aurretik "beharrezkoak" baitira azterlan horiek. Azterlan horietara orotara 256.000 euro bideratuko dituzte.

Azterlanei dagokienez honakoak dira Udal Gobernuak nabarmendu dituenak:

  • Puntanuetako plan partziala, etxebizitza babestu berrien proiektua desblokeatzeko.

  • Zinea, egokitze azterketatik ateratako obrak egiteko eta eserlekuak aldatzeko

  • Larretxoko irisgarritasun plana (igogailua, espaloiak…) .

  • San Joseko etxebizitzetan igogailuak ipintzeko azterketa

  • Tren geltokirako bidea hiritartzea

Azterlanez gain, 2020an esku-hartze urbanistikoei dagokienez hainbat lan burutuko dituzte:

  • Artadi eta Oikiako saneamendua egingo da, horretara guztira 164.778 euro bideratuz

  • Oikiako Eskolako patio berria egingo da

  • Aita Mari eskolako patio berria egingo da

  • Haur parkeetan 21.000 euroko inbertsioak egingo dira. Amaia plazako haur parkea berrituko da, puskatuta dagoen lurra konpondu eta zahartuta dagoen mobiliarioa  aldatuta

Horretaz gain, aspalditik egin gabe utzita zeuden berrikuntzak martxan jarriko ditu Udal Gobernu berriak:

  • Udaltzaingoaren eraikina berrituko da, behar berriei erantzuteko

  • Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikina egiteko lanak martxan jarriko dira

  • Brankan eta Odietan apartamentu tutelatu eta emergentziako etxe berriak prestatuko dira, erabilgarriak izateko.

"Zumaia, bizitzeko herria"

Maider Alberdi zinegotziak esan duenaren arabera, Zumaiako Udal Gobernu berriaren apustu nagusietako bat, “egungo ereduaren alternatiba eraikitzera bidean, herritarren bizitzak bizigarriak izan daitezen neurriak hartzea da”. Horrekin batera, ordea, “egungo 'krisi' egoerari aurre egiteko neurriak hartzea beharrezkoa” dela azaldu du, “herritarren bizi-baldintza duinak  bermatzeko politikak ahalbideratuz”.

Arlo honetan bereziki apustu handia egingo dutela adierazi dute, neurri hauek nabarmenduta:

100.000 euro bideratuko dira alokairu politikak sustatzera.
  • Alokairua sustatzeko politiketara bideratutako diru kopurua ia hirukoiztu egingo da. Orain artean gazteen alokairua sustatzeko 35.000 euroko aurrekontua zegoen, 2020an berriz laguntza horiek beste adin tarteei ere zabaltzeko guztira 100.000 euro bideratuko dira).  Partida honen baitan, alokairurako laguntza adin guztietara zabaltzea ez ezik beste hainbat kontu aurreikusten dituzte:

    • Azterketa bat egingo da etxebizitza hutsak identifikatzeko eta  behe-solairuen egoera aztertzeko, egokitu eta alokairura bideratzeko.

    • Azterketa horren ondoren pertsona bat kontratatzea aurreikusten da, jarraipena egiteko eta etxe hutsak alokairurako ASAP programara bideratzeko.

GLLetan %53ko igoera egingo dute, pentsionisten eskariei erantzuteko.
  • Gizarte Larrialdietako Laguntzetara 50.000 euro gehiago bideratuko dira (%53ko igoera suposatzen du). Igoera honen bitartez, pentsionisten kolektiboaren aldarrikapenei bide eman nahi die Udal Gobernuak  Izan ere, 2020an zehar 1080tik beherako pentsioa jasotzen duten eta pobrezia arriskuan dauden zumaiarrentzako laguntza aukera berri bat martxan jarri nahi da. Horrela, Udalak pentsiodunen ordezkariekin egindako bileran horiek eskatutako kopurua beteko du: aurrekontu osoaren %1a gai honetara bideratzea, alegia. Oro har, Gizarte Zerbitzuetara 100.000 euro gehiago bideratuko dira (%4ko igoera).

  • Tokiko garapen ekonomikoari dagokionez, enplegu politikak bultzatzeko eta enpresa garapenerako Mankomunitateari 266.231 euro bideratuko zaizkio.

 

"Zumaia, herri bizi eta hezitzailea"

Ikuspegi sozioekonomikotik harago, "Zumaia, herri bizi eta hezitzailea bilakatzeko proiektuak ere" abiaraziko dituztela azaldu du Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziak. Honakoak dira horietako batzuk:

Kultura

Zumaian herri bizia eta bizigarria izatea nahi du Udalak. Hori horrela, Kulturako aurrekontua %12,92 igotzea aurreikusten du Udal Gobernuak.

"Lehentasunezko" proiektua izango da Komentuko Kultur Topagunearena, "kultur arloari ez ezik, Alde Zaharrari emango dion bizitzagatik".

Legealdi honetan Komentuan egingo den Kultura Topagunearen proiektuak indar handia hartuko du. Lehen urte honetan, proiektua martxan jarriko da eragileekin egingo den parte hartze prozesua batekin, beraien iritzian oinarrituz ondoren proiektua idazteko lanak egin ahal izateko. "Lehentasunezko" proiektutzat hartzen du honakoa Udal Gobernuak, kultur arloari ez ezik, Alde Zaharrari emango dion bizitzagatik. 

Bestalde, Liburutegira bideratutako partidan 13.000 euroko igoera egongo da (%7ko igoera). Honen bidez, Liburutegiko zerbitzua eta eskaintza hobetu nahi du Udal Gobernuak.

Musika eskolari dagokionez, orain arteko ereduari buelta bat emango zaio 2020an, "eredu berri eta egokia" topatzeko.

Hezkuntza

Txiribuelta 0-6 bitarteko haur eta gurasoak biltzen dituen elkartearen eskaerei erantzuteko diru-partida bat sortuko du Udal Gobernuak. Hezkuntza eremuko beharrak modu orokorrean landu eta aztertu nahi ditu Udal Gobernu berriak. Horretarako, "hezkuntza komunitateko kide eta elkarte desberdinek batera" landuko dute gaia, besteak beste Haurreskolaren berrantolaketa zehazteko.

Kirolak

Udal Gobernuak kirol praktika eta ohitura osasuntsuak sustatuko ditu. Orain arte bezala, kirol-elkarteak eta kirol probak babestuko ditu Udalak. Gainera, itsas kiroldegian eta Lubaki kiroldegian inbertsioak egingo ditu Udalak instalazioen egoera hobetzeko. Guztira, 572.000 euro bideratuko dira kirol arlora.

Zeharkako politikak

Azkenik zeharkako politikekin loturiko proiektuen multzoa azaldu du Alberdik. Horien garrantzia "bereziki azpimarratu" nahi izan dute, izan ere, "modu batean edo bestean gainontzeko proiektu guztiak zipriztintzen dituzte duten izaera transbertsala dela eta".

Politika feministak

Ikuspegi feminista gainontzeko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko "ahalegin berezia" egingo du Udal Gobernuak.

Orotara, 15.000 euro gehiago txertatu dira (%13ko igoera suposatzen du honek). Ikuspegi feminista gainontzeko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko "ahalegin berezia" egingo du Udal Gobernuak. Berritasun moduan, aurten genero identitatea eta sexu aniztasunari buruzko lan-lerroa irekiko da (10.000 euro bideratuko dira horretara). Aurrekontu berean, gazteriaren gaia lantzeko diru-laguntzak emateko 9.000 euroko partida sortu da.

Euskara

Euskarari dagokionez, igoera aipagarriena Baleike eta Urola Kostako Hitza barne hartzen dituen eskualdeko komunikabide proiektu berriaren laguntzetan ematen da (57.715€).

Bestalde, euskara normalizatzeko planaren aurrekontua igoko da. Zentzu horretan, haurrek aisialdian euskaraz jolastu dezaten sustatzeko saioak egingo dira.

Jatorri aniztasuna

Jatorri aniztasunari dagokionean, Zumaiako biztanleriaren datuen eguneraketa egingo du Zumaiako Udalak. Bestalde, Harrera protokoloa idatziko du. Aurreko urteetako aurrekontuetan lerro hauek aurreikusten baziren ere, orain artean ez da gauzatu. Zentzu horretan, Zumaiako Udal Gobernuak "aurtengoan proiektu horiek martxan jartzeko konpromisoa" agertu du.

Ingurumena eta energia

  • Urola Itsasadarra garatzeko partida eta ekimenak sortu dira, ingurumenaren zaintza garrantzitsua delako. 

  • Zumaiako energia estrategiaren diagnostiko teknikoa egiten hasi da  Zumaiako Udala. Trantsizio energetikoan aurrerapausoak eman nahi ditu Udal Gobernuak eta legealdi osoko ekimen moduan ulertzen da (kontsumoa murriztu, energia berriztagarriak ekoizteko aukerak aztertu…).

Publifikazioa

Udal Gobernuaren helburua da "ahalik eta zerbitzu gehien eremu publikoan" kokatzea. Norabide horretan egingo du lan hurrengo urteetan, eta lehen pausu moduan, herritarren beharrei erantzuteko bi Udaltzaingo postu berri sortuko dira; Brigadan, bestalde, beste bi lanpostu berri sortuko dira. "Azpikontratazioa murriztea" izango da Udal Gobernuaren helburua hurrengo lau urteetan.