Abian da, elkarlanean oinarritzen den Zumaiako gazteei zuzendutako Gazte On programa

2018/12/14

Gaur aurkeztu dira, 2018ko aurrekontuen baitan udal gobernuak sortutako programa, honentzako sortutako irudia eta baita bere baitan burutuko de lehen ekintza ere. Bihar egingo dute gazteek lehengo ekintza hori, hain zuzen ere, 30 gazte inguruk, lehenik ibai bazterrak garbituko dituzte Joxe Mari Korta poligono inguruan eta ondoren San Telmo ermitako inguruak garbituko dituzte.

Gaur udalbatza aretoan eskainitako prentsaurrekoan aurkeztu dute, Oier Korta alkateak eta herriko eskoletako guraso, ikasle eta ordezkariek Gazte On programa, bere irudia eta baita programa honen baitan gazteek burutuko duten lehenengo ekintza ere.

Gazte On programa, 2018ko udal aurrekontuen baitan udal gobernuak sortutako eta gazteei zuzenduta dagoen programa da. Programaren helburua da, ikastetxeen eta Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin sentsibilizatzea eta auzolanetan inplikatzea eta , aldi berean, gazteei beren helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak eskaintzea. Programa honen baitan, gazteei laguntza eman nahi zaie, halaber, beren etorkizuna irudikatzeko. Programaren helburua zabala da eta guraso eta gazteekin elkarlanean garatu nahi da, larunbatekoa bezalako ekintzetatik haratago gazteen beharrizanen inguruan hausnartu nahi da, gazteen eskura jarri beharreko baliabideak  aztertzeko.

“Zumaiak elkarte ehun oparoa du eta elkarte horiek ekimen ugari antolatzen dituzte urtean zehar. Etorkizunean ere hori horrela izan dadin, belaunaldi berriek erreleboa hartzea ezinbestekoa da eta hortxe dago, hain zuzen ere, programa hau proposatzera eraman gintuen arrazoietako bat. Gazteak aktibatu nahi ditugu herrigintzan, egungo gazteek hartu beharko baitute errelebo hori etorkizunean Zumaiak daukan elkartegintza oparoa mantendu nahi badugu” azaldu du Oier Kortak. “Baina ez da hori helburu bakarra, programa honek hausnarketa kolektiboa egiteko eta elkarlanerako espazioa ere izan nahi du, Udalak gurasoekin eta gazteekin egin nahi du hausnarketa hori. Baina oinarria izanik, beti, gazteak eta horien egungo eta etorkizuneko beharrak” jarraitu du Kortak. “Helburu horiek, gainera, ingurumenaren eta naturaren zaintzarekin lotu ditugu bihar egingo den lehen ekintza horretan, izan ere, hori ere ezinbestekoa izango da belaunaldi berrien etorkizuna bermatzeko”.

Programaren irudia Juan Luis Blanco herriko diseinatzaile ezagunak sortu du. Sortu duen irudi dinamikoak, gazteak honekin identifikatzea izan du helburu.

Horrela, bihar bertan ekingo diote gazteek lanari. Lehenik, Joxe Mari Korta poligono inguruan ibai bazterrak eta ondoren San Telmo ermitako inguruak garbituko ditu 30 gazte inguruko talde batek. Prentsaurrekoan izan dira gazte horietako batzuk eta gustura erakutsi dute beraiei zuzenduta dagoen programa berriaren irudia.